facebook instagram youtube
  • Zaragozako gerezi ekologikoen 1. kanpaina

    Aurten ere Zaragozako gerezi ekologikoak eskuratzeko aukera izango dugu.

    Oraingo honetan Galoren gereziondoen aurreneko uzta izango da, kontatu digunez, duela ja lau urte 1.000 gereziondo landatu zituen Lumpiaqueko lurretan eta molde ekologikoan ekoitzitako gereziak eskaintzen dizkigu. Lapins barietatekoak dira, gereziondo barietaterik berantiarrena eta landatuena da, oso emankorra delako. Gereziendoek 30 metro arteko altuera izan dezakete eta gereziak zaporez gozoak dira. Galo udako gure fruta ekoizle nagusiena da eta dakizuen moduan kalitate ezinhobeko fruta ekartzen digu astero astero. Pertsona bezala ere oso zintzoa da eta honez gero, harreman estua eraiki dugu urteen poderioz. Gereziondoak guk eskatuta landatu zituen bere garaian eta beraz, aurtengoa mugarri garrantzitsua izango da.

    Neguko frutarekin ja piskat aspertuta eta bestelako fruta urtsu eta koloretsuaz gozatzeko irrikitan gaude ezta?

    Gerezien denboraldiak oso gutxi irauten du eta gure artean oso fruta estimatua denez, kanpainan parte hartzera animatzen zaituztegu. Gogoratu kanpainetan parte hartuz, zuen erosketa konpromisoaren bitartez eskaera potoloak egiteko moduan izaten garela eta beraz, ekoizleei laguntzeko modu eraginkorrena dela, ekoizpenaren zati handi baten merkaturatzea bermatzen baitiogu  aldez aurretik.

    Beti bezala uzta jaso bezain pronto ekarriko digu Laborera, bazkideok lurrak ematen dituen garaian garaiko kalitatezko fruitu freskoak gozatzeko aukera izan dezagun.

    Kanpainan eskaera egiten ez duzuenok ere kalitate ezinhobeko elikagai hauek dastatzeko aukera izango duzue baina aurreratzen dizuegu kanpainan baino prezio garestiagoan eta kilo gutxi batzuk besterik ez ditugu ekarriko. Interesa baduzue, eskaera egitera animatu nahi zaituztegu, batere gabe ez geratzeko.

    Eskaerak 2kg-ko kaxetan ekarriko dizkigute beraz, horien multiploak eskatu ahal izango dituzue. Kaxak bueltan ekartzea asko eskertuko dizuegu hurrengo kanpainetan berrerabili ditzagun, ekonomia zirkularraren alde eginez eta hondakinak murriztuz.

    Gereziak: 7,75€/kg

    ESKAERAK egiteko azken eguna:       MAIATZAK 25, astelehena.

    JASOTZEKOMAIATZAREN 27an, asteazkena, 12:00etatik aurrera.

    Eskaera egin nahi izanez gero, bidali emaila laborezain@laboreoarso.eus helbidera edo Dendan jakinarazi.

    Animatu eta egin zuen eskaerak!!