facebook instagram youtube
  • Auzolana

    Auzolana Labore egitasmoaren oinarria da eta bazkideek auzolan puntualetan zein iraunkorretan parte hartzeko aukera dute.

    • Auzolan puntualak: urteko garbiketa orokorra, larunbat goizetan dendari-lanak, norberaren eremuko gaien inguruko hitzaldiak eta tailerrak eskaintzea (nutrizioa, osasuna, sukaldaritza, etab.), kanpo ekintzak iragartzeko kartelak zabaltzea, hitzaldiek iraun bitartean haurrak zaintzea… Bazkide izan eta auzolan hauetako batean parte hartu nahiko bazenu, nahikoa duzu dendan jakinaraztea eta info@laboreoarso.eus helbidera mezu bat bidaltzea.

    • Auzolan iraunkorra, talde desberdinetan antolatua dago:
      • Etxekoak: Labore dendaren mantenuaz arduratzen da eta, besteak beste, altzari berrien egokitzea zein muntaia eta lokalaren margoketa zein garbiketa egiten dute auzolanean. Xabier da koordinatzailea eta egin beharreko lanen arabera, pertsona desberdinen laguntzarekin kontatzen du.
      • Produktu taldea: Labore denda kooperatiboan salgai jartzen diren produktuak aukeratzeaz zein gaur egungo eskaintzaren hobekuntzaz arduratzen da. Produktuen ebaluazioa eta haien inguruko pedagogia lantzen du. Kontsumitzaileen eskaerak kudeatzen ditu eta ahalegin berezia egiten du inguruetako ekoizle txikiekin harreman zuzena izaten. Horrez gain, kontsumitzaileari produktu bakoitza nork, non eta nola ekoitzi duen informatzeaz ere arduratzen da. 6 lagunek osatzen dugu taldea: Maria, Jon, Iban, Nerea, Xabier eta Itsaso. Gaia interesatzen bazaizu, zatoz, hilean behin elkartzen gara.
      • Konplizeak: Komunitateko kide guztiak zaintzen ditu. Gure kideen artean elikadura osasungarria izateko eskubidea bermatuta egotea da asmoa. Hau da, familia bat ez dadila geratu Laboren erosketa egin gabe edo erosketaren zati bat soilik eginda arrazoi ekonomikoengatik. Gainera, berariazko beharrak dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteekin zuzeneko harremanak izaten ditu, hala nola, emakume-taldeekin, Caritasekin, Zaporeakekin… Karitatetik haratago, elkarte horien eta laboreko kideen artean lotura errealak sortzea interesatzen zaigu. Honako kide hauek osatzen dugu: Joana, Aintzane, Haritz, Eñaut eta Itsasne. Animatzen zara gurekin lan egitera?
      • Laborategia: Labore egitasmoa sendotzeko datozen urteetan eman beharreko pausuak aztertzen eta zehazten dituen taldea da. Maitena, Iker, Itsaso, Imanol, Beñat, Xabier eta Joana gara. Ideia berritzaileak gustuko badituzu, hauxe da zure lekua!
      • Komunikazio taldea: Laboreko komunikazio euskarriez arduratzen den taldea da: webgunea, sare sozialak, buletinak, kanpainetako euskarriak, urteko egutegia, dendako errotulazioa, komunikabideekiko harremana… Oraingoz bost kide gara, Leire, Arkaitz, Itsaso, Larraitz, Miren eta Joana. Gurekin lan egin nahi?
      • Talde eragilea: Lan-talde guztietako kideek, lehendakariak, idazkariak, diruzainak eta langileen ordezkariak osatzen dute talde eragilea. Bertan hartzen dira eguneroko jarduerari loturiko erabakiak. Erabaki estrategikoak Batzar Nagusian hartzen dira. Honako kideok osatzen dugu: Joana, Maitena, Xabier, Toki, Itsaso, azpi-batzordeetako ordezkariak eta langileen ordezkaria (txandaka).

    • Batzar Nagusia: Urtean behin egiten da ohiko batzar nagusia. Bertan urteko kontuak onartzen dira eta erabaki estrategikoak hartzen dira. Bazkide bazara, ez hutsik egin!