facebook instagram youtube
  • Hasi dugu bertako azenario sorten denboraldia

    Gure inguruko baratzetan azenarioa ekoiztea lan zaila da, dugun klima tarteko, zaila baita hauek nahikoa haztea eta denbora luzea behar izaten baita uzta jasotzeko, bitarte horretan lursaila beteta izanik beste barazkiak landu ezinik geratzen dira. Hori dela eta, nekazari ugarik azenariorik ez ekoizteko erabakia hartzen dute. Baina, zorionez, Etxetxo Baserriko Joxerra salbuespena dugu eta nolako azenario sorta ederrak ekartzen hasi zaigun!! Zentzumen guztiak esnatzen dituen azenarioa da, usaimenetik hasi eta zaporeraino. Zatoz eta dastatu!! Ez du eta gehiegi irauten sasoiak.

    Azenarioa etxe guztietako elikagai nagusienetako bat da; izan ere, bere testura eta zaporea dela eta, era guztietako plateretan gehitu ditzakegu: entsaladetan, eltzekarietan, likuatuetan, gisatuetan, goarnizio moduan, gordinik hummusean igurzteko…

    Bere konposizioan betakarotenoa (kolorearen arduraduna) nabarmentzen da, organismoak A bitamina bihurtzen duena, ahalmen antioxidatzailea eta ikusmenaren babes-efektua duena. C eta E bitaminak ere baditu eta zuntzan aberatsa da.