facebook instagram youtube
  • Artzaintza gertutik ezagutzen

    Zein gustora egon ginen maiatzaren hasieran Josebe Blancorekin artzaintzaren inguruan solasean. Gure imajinarioan genuen artzainaren bestelako bizitzeko modua erakutsi zigun oso parte-hartzailea izan zen saioan. Pikunieta baserriko kideak ardiekin bizi dira, ez ardietatik, eta ahalik eta modurik autonomoenean gainera. Munduan egoteko modu asko baitago.

    Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura sistema…

    Josebe Blancok artzainaren egunerokoan jaso du urtebeteko gertakarien lekukotasuna. Prosaz eta poesiaz, lehen pertsonan, eta lehen lerrotik: naturarekin, beste izaki bizidunekin eta pertsonekin errespetuzkoa den bizitzaren aldeko eguneroko borrokatik. Liburua salgai dugu Laboren, egia esan, aurkezpenera gerturatutako guztiek ale bana erosi genuen.

    Solasaldira etortzerik izan ez zenutenek, hedabideetan Joseberi eginiko elkarrizketak entzutea gomendatzen dizuegu. Horretarako honatx bi proposamen: batetik, Argiako Estitxu Eizagirre kazetariak Josebe “Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain” liburuari buruz elkarrizketatu zuen eta erreportaje honetan bilduta daude solasaldiko zenbait zati. Eta bestetik, Oiartzun Irratian Iban Apaolazak Literhari saioan liburuaren inguruan jardun zen. Hartu tartetxo bat eta entzun!

    Plazer handia izan zen, milesker Josebe gurekin hausnarrean aritzera etortzeagatik.