facebook instagram youtube
  • Lan pedagogikoa

    Kontsumo kultura berria eraikitzeko bidean hezkuntzan indar berezia egitea ezinbesteko lan-ildoa dugu. Bide horretan, sare-sozialak eta barne-buletinak tresna garrantzitsua dira, kontsumitzaile gisa ahaldundu gaitezen. Askotan esaten dugun moduan, erostea ekintza politikoa baita; non, zer, nori eta nola erostearen arabera gauza asko erabakitzen ari baikara (gure paisaia, ekonomia, harremanak, osasuna, zaintza, etab.). Baina aipatutako komunikazio kanalak erabiltzeaz gain, eskoletako haurren bisitak ere pozik jasotzen ditugu eta heziketa lana egiteko baliatzen dugu. Ikasgeletan lantzen ari diren gaiaren arabera egokitzen ditugu azalpenak.

    Maiatzean zehar bi bisita jaso ditugu, guztira 100 bat haur eta gazte inguru etorri dira. Batetik, Oreretako Telleri ikastetxeko ikasleak izan ditugu bisitan adibide praktiko batekin ingurumena, osasuna eta ekonomia sozial eraldatzaileari buruz ikasteko. Ziur gaude horrelako irteera pedagogikoak batzuen barnean hazia ereiteko baliagarriak direla eta denborarekin ulertuko dutela gure egiteko moduak duen benetako dimentsioa.

    Bestetik, Oreretako Gamon Ikastetxeko LH4-ko ikasleak ere izan genituen bisitan. Adi-adi entzun zituzten azalpenak eta galdera mordoa egiteko aprobetxatu zuten. Laborera eginiko bisita atarikoa izan zen, datozen asteetan ikasgelan landuko baitituzte nekazaritza, ingurumena, elikadura, birtziklapena, osasuna, etab. Biharko eguneko erosleak izango diren neurrian oso beharrezkoa da txikitatik kuestionaraztea eredu hegemonikoa eta ikusaraztea badaudela egiteko beste modu batzuk.