Aste honetan zuzenean eskuratutako lehen gari-zainzuri ekologikoak jaso ditugu. Orain arte bitartekari bidez eskuratzen genituen eta 250gr-ko sortak izaten ziren. Hemendik aurrera berriz, hiru formaturen artean aukeratu ahal izango duzue: 500gr-ko zainzuri finen sorta, kilo erdiko zainzuri lodien sorta edo kalibratu gabe pisura. Pisura erosita merkeago aterako zaizue eta zuen gustura aukera ahal izango duzue zainzurien lodiera, baliatu aukera!
Gari-zainzuri hauek modu agroekologikoan ekoitziak dira Granadan, nekazaria gurekin harremanetan jarri zen duela aste batzuk eta berarekin lanean hasteko Nafarroako zainzuri txurien kanpaina amaitzeko zain egon gara. Esan digunez, ekainaren amaiera arte iraungo dio aurtengo uztak beraz, datozen asteetan garaian garaiko barazki honetaz gozatzeko aukera emango digu. Badakizue gure filosofia ahalik eta produktu gehien zuzenean eskuratzea dela baina gure ekoizleenak giza-neurriko proiektuak izanik, baliteke batzuetan denboraldia laburtzea, kasu horietan, bitartekariengana jotzen dugu denboraldia osatzeko eta zuen eskura garaian garaiko ahalik eta eskaintzarik onena jartzeko.
Begira nolako itxura duten!!