Datorren astean Zaragozako gerezi ekologikoak eskuratzeko beste aukera bat izango dugu.
Oraingoan ere Galoren gereziondoen uzta izango da, kontatu genizuen, duela ja lau urte 1.000 gereziondo landatu zituela Lumpiaqueko lurretan eta molde ekologikoan ekoitzitako gereziak eskaintzen dizkigula. Lapins barietatekoak dira, gereziondo barietaterik berantiarrena eta landatuena da, oso emankorra delako. Gereziendoek 30 metro arteko altuera izan dezakete eta gereziak zaporez gozoak dira.

1. kanpainan parte hartu zenutenok badakizue kalitate ezinhobea eta zapore mundiala dutela, horregatik eskaintzen dizuegu 2. aukera bat fruta paregabe hau dastatzeko. Badakizue aurreneko deialdian guztira 332kg eskatu zenituztela? Poztekoa da benetan!
Gerezien denboraldiak oso gutxi irauten du eta gure artean oso fruta estimatua denez, kanpaina honetan ere parte hartzera animatzen zaituztegu. Gogoratu kanpainetan parte hartuz, zuen erosketa konpromisoaren bitartez eskaera potoloak egiteko moduan izaten garela eta beraz, ekoizleei laguntzeko modu eraginkorrena dela, ekoizpenaren zati handi baten merkaturatzea bermatzen baitiogu aldez aurretik.
Beti bezala uzta jaso bezain pronto ekarriko digu Laborera, bazkideok lurrak ematen dituen garaian garaiko kalitatezko fruitu freskoak gozatzeko aukera izan dezagun.
Kanpainan eskaera egiten ez duzuenok ere kalitate ezinhobeko elikagai hauek dastatzeko aukera izango duzue baina aurreratzen dizuegu kanpainan baino prezio garestiagoan eta kilo gutxi batzuk besterik ez ditugu ekarriko. Interesa baduzue, eskaera egitera animatu nahi zaituztegu, batere gabe ez geratzeko.
Oraingoan ere eskaerak 2kg-ko kaxetan ekarriko dizkigu beraz, horien multiploak eskatu ahal izango dituzue (gutxieneko eskaera 2kg da).
Kaxak bueltan ekartzea asko eskertuko dizuegu hurrengo kanpainetan berrerabili ditzagun, ekonomia zirkularraren alde eginez eta hondakinak murriztuz. Lehenengo deialditik gutxik ekarri dizkiguzue kaxak bueltan, horregatik gogorarazten dizuegu.



