facebook instagram youtube
  • Nekazaritzaren eta elikaduraren etorkizuneko erronkak

    Abenduaren hastapenean oso mahai-inguru interesgarria izan genuen Udaletxean. Zer ari da gertatzen elikagaien merkatuan? Geopolitikak nolako eragina du? Zer bultzatzen ari dira Europatik?

    Duela hilabete batzuk nekazari eta abeltzainak kalera atera ziren traktore eta guzti haien egoera salatzeko eta badirudi ez daudela urruti berriro ere traktoreak errepideetan ikusiko ditugun egunak. Zein dira haien aldarrikapenak?

    Egungo testuingurua zorrotz aztertu genuen eta nekazaritzaren etorkizuna eta erronkak izan genituen hizpide hitzaldian zehar ekoizleen eta kontsumitzaileen ikuspegiak txertatuz eta krisi ekosozialari aurre egiteko proposamenak mahaigaineratu genituen Gotzone Sestorain eta Tasio Erkiziarekin.

    Hitzaldiari esker elikadura erdigunean kokatu genuen. Duela 50 urte galdu genuen burujabetza eta tokiko elikadura kultura berreskuratzeko hainbat gakoren inguruan jardun genuen, tartean elikadura merkataritza globaletik ateratzeko beharra, prezioen behatzaileen rola eta modu kolektiboan antolatzearen garrantzia. Gaur egun dugun jateko moduarekin mundua agortzen eta migrazio mugimendu masiboa eragiten ari gara. Badakizu erosten ditugun elikagaien 1/3 hondakinetara doala? Eta azalera handietako elikagaiek bataz-beste 4 eta 5 mila kilometro artean egiten dituztela guk erosi aurretik? Espainiar estatua da Europako bakarra non elikagai transgenikoak baimenduak dauden eta bertan guztira zazpi makroetxalde daude, Europan kontzentrazio handiena duen herrialdea da, eta Nafarroan adibidez uraren kutsadura ari da eragiten eta baita desertizazioa ere (herriak hustu eta hirietarako mugimendu masiboa).

    Trantsizioa egiteko planifikazioa beharrezkoa da, jendeari irtenbideak emateko eta erregai fosil eta ongarri kimikoekiko menpekotasuna erauzteko. Ekoizpenaren eredu aldaketa ezinbestekoa da baina kontuz, eredu ekologikoan sistema konbentzionalaren eskema jarraitzea akats larria baita. Negozioa egin beharrean printzipioak lehenetsiko dituen eredu berriak jarri behar ditugu martxan. Hezkuntzan eragitea ere ezinbestekoa da, zer da ongi jatea?, sukaldatu, etab.

    Osasungintza eta hezkuntza publikoaren defentsa inork zalantzan jartzen ez duen bezala, elikadura ere maila berean kokatu beharko genuke. Elikadura ezin dugu delegatu eta instituzioek ezin dute beste aldera begiratu eta multinazionalak babestu.

    Hitzordura herritarrak, ekoizleak eta eskualdeko udal ordezkariak gerturatu ziren eta saio parte hartzailea izan zen. Datozen hilabeteetan hitz egindakoa piskanaka zabaltzen joango gatzaizkizue, benetan interesgarria izan baitzen solasaldia.

    Bada garaia elikadura den bezalako 1. mailako beharra asetzeko modu burujabean funtzionatzen has gaitezen. Elikadura denon kontua izanik, herri bezala pentsatu eta eraiki dezagun gaurdanik gure elikadura zirkuitu propioa!

    Vandana Shivak dioen moduan, iraultza egiteko egunero hiru aukera ditugu: gosarian, bazkarian eta afarian. Jarri dezagun elikadura agenda politikoan!!