Datorren astean Lizarraldeko zainzuri freskoak dastatzeko beste aukera bat izango du, aurtengo azkena. Uzta laburra izaten da eta aurten eguraldi nahasia tarteko, uzta bilketa ere gora-beheratsua ari da izaten. 2. kanpaina honetan ere Arroizko Angel Iturrik ekarriko dizkigu. Aurreneko kanpainan dastatu zenituztenek kategorikoak direla esan duguzue, bada, hona hemen beste aukera bat. Uzta jaso bezain pronto ekarriko digute Laborera, bazkideoi lurrak ematen dituen kalitatezko fruitu freskoak gozatzeko parada emanez.
Zainzuriak 1kg-ko tarrinetan etorriko dira, garbituak eta aurrez modu artisauean eskuz hautatuak (kalibre egokia eta antzekoa izan dezaten guztiek). Gutxieneko eskaera 1kg izango da.
Lehenengo deialdian egin bezala, oraingoan ere, kanpainan parte hartuz kopuru handiagoak erosi eta etxean kontserbak egitera animatzen zaituztegu. Bai baitakizue azken bi urtetan Eguberrien inguruan Iturriko zainzuririk gabe geratzen garela Dendan eta kontserbak egitea irtenbidea izan daiteke sasoi batetik besterako tartean elikagai bikain hauek falta ez daitezen zuen etxeetan.
Gogoratu kanpainetan parte hartuz, zuen erosketa konpromisoaren bitartez eskaera potoloak egiteko moduan izaten garela eta beraz, ekoizleei laguntzeko modu eraginkorrena dela, ekoizpenaren zati handi baten merkaturatzea bermatzen baitiogu ekoizleari aldez aurretik.
Kanpainan eskaera egiten ez duzuenok ere kalitate ezinhobeko elikagai hauek dastatzeko aukera izan dezazuen, Dendarako ere kilo batzuk eskuratzen saiatuko gara baina zertxobait garestiago jarriko ditugu salgai beraz, interesa baduzue, kanpainan eskaera egitera animatu nahi zaituztegu.



