Pozik iragartzen dizuegu datorren astean Nafarroako gerezi ekologikoen kanpaina egin ahal izango dugula. Aste honetan ekarri dizkigu Ninok aurreneko kiloak Dendara eta iritsi orduko hegan egin zuten, nabari da zuen gogoko fruta dela! Hasiera batean, kanpaina egiteko zertxobait itxaron beharko genuela esan zigun baina gaur joan da berriro bere gereziondoak begiratzera eta dagoeneko 230kg inguru badituela esateko deitu berri digu.
Gogoratuko duzue iaz gerezi arbolak frutaz lepo zeudenean kazkabarra eta euri jasa bortitzak izan zituztela eta gereziak zartatuta geratu zirela uztaren %70a galduz. Iazkoa gertatzea saihesteko laguntza eskatu digu Ninok eta, horregatik, bidaltzen dizuegu deialdia gaur bertan, eskaerak egiteko ohi baino denbora tarte murritzagoarekin.
Lehenengo kanpaina honetan eskaintzen dizkigun gereziak Primulat barietatekoak dira, barietate goiztiarra da, azkar heltzen dena eta zapore gozo eta zukutsua duena. Oso ezagunak dira heltze goiztiarragatik eta beste barietate batzuekin alderatuta errendimendu ona dutelako.
Gerezien denboraldiak oso gutxi irauten du eta gure artean oso fruta estimatua denez, kanpainan parte hartzera animatzen zaituztegu. Gogoratu kanpainetan parte hartuz, zuen erosketa konpromisoaren bitartez eskaera potoloak egiteko moduan izaten garela eta beraz, ekoizleei laguntzeko modu eraginkorrena dela, ekoizpenaren zati handi baten merkaturatzea bermatzen baitiogu aldez aurretik.
Beti bezala Karkarren uzta jaso bezain pronto ekarriko digute Laborera, bazkideok lurrak ematen dituen garaian garaiko kalitatezko fruitu freskoak gozatzeko aukera izan dezagun.
Kanpainan eskaera egiten ez duzuenok ere kalitate ezinhobeko elikagai hauek dastatzeko aukera izango duzue baina kanpainan baino prezio garestiagoan eta izakinak amaitu arte. Dendarako ere kilo batzuk eskuratzen saiatuko garen arren, interesa baduzue, eskaera egitera animatu nahi zaituztegu, batere gabe ez geratzeko.
Eskaerak 2kg-ko edo 5kg-ko kaxetan ekarriko dizkigute beraz, horien multiploak eskatu ahal izango dituzue.

Gereziak: 7,60€/kg
ESKAERAK egiteko azken eguna: MAIATZAK 25, igandea.
JASOTZEKO: MAIATZAREN 27an, asteartea, 12:00etatik aurrera.
Eskaera egin nahi izanez gero, bidali emaila laborezain@laboreoarso.eus helbidera edo Dendan jakinarazi.
Animatu eta egin zuen eskaerak!!