facebook instagram youtube
  • Mirene Begiristain: Amalur Saria 2024

    Martxoaren 2an egin genuen aurtengo Amalur Sarien banaketa. Goizean goizetik giroa izan zen plazan udaberriko HemenGuk Azoka tarteko. Omenaldia Amillubi proiektuaren aurkezpena egitera bertako talde eragileko kideak ere gonbidatzeko baliatu genuen. Eskualde mailako aurkezpena izanik, hainbat udaletako alkate eta zinegotziak ere bertaratu ziren. Ekitaldia borobiltzeko, Elikadura burujabetzaren bide-ikaspenak izeneko hitzaldia eskaini zuen Mirenek. Horrela bada, elikadura burujabetza erdigunean kokatu genuen. Inoren zain egon beharrean herritarrok kolektiboki ekitearen garrantzia argi geratu zen, horretan dabiltza Amillubiko kideak eta baita Labore Oarso eta Elika ere, alternatibak praktikatik eraikitzen, utopia ukigarri egiten. Zorionez bidean ez gaude bakarrik eta geure artean saretzen jarraituko dugu.

    Ekonomian doktore da Begiristain, eta EHUko irakasle eta ikerlaria da gaur egun baina hainbat proiektutan ere ari lanean baina beti lehen sektorea, agroekologia, lurraren eta lurra zaintzen dutenen zaintza ardatz eta ikuspegi feminista batetik. Gaur egun, Amillubi proiektuko kide da, Zestoako ibarrean elikadura burujabetza helburu baserria eta bere lurrak ardatz dituena.

    Mirenek aitortu zigun “oso pozik” dagoela jasotako sari eta aitortzarekin: “Pozgarria da, agroekologia eta elikadura burujabetzaren alde egiten ari garen bide horretan ikusarazi eta errekonozitu egiten delako, eta sariak hauspoa ematen du ere bai, sareak eraikitzen jarraitzeko”.

    Amalur Sari banaketaren ekitaldiak oihartzun zabala izan zuen eskualdeko hedabideetan. Horren lekuko dira Oiartzun Irratian zein Oarsoaldeko Hitzan Mireneri eginiko elkarrizketak. Aurtengo omenduak mezu argia du gu guztiontzat: elikadura ez da soilik lehenengo sektorearen kontua, gizarte osoarena baizik. Ezingo gara herri izan, ez badugu lurrik. Ez galdu elkarrizketa entzun eta irakurtzeko aukera.

    Zorionak, eskerrik asko eta jarrai dezazula ekinean Mirene Begiristain Zubillaga, Amalur saria ongi merezia duzu!! Ea zure aholkuei jarraiki, ekoizpen ereduaren inguruko eztabaidari berandu baino lehen heltzen diogun.

    Jarrai dezagun Maixabel Arretxe, Arantxa Zapirain eta Mirene Begiristainen bidetik herritik herriarentzat lanean osasuntsu elikatzeko eskubide kolektiboaren alde, ez dadila katea eten!!