facebook instagram youtube
  • Laboreko osagaiekin egindako plater prestatu osasuntsuak

    Gure inguruko ekoizle txikiei elikagaien eskaera sortzen jarraitzeko gure lehengai propioekin elaboratutako aurreneko plater prestatuak jarri ditugu salgai: haragiz betetako alberjiniak, sojaz betetako alberjinia gratinatuak eta barazki lasagna. Gure ideia kroketak ere eskaintzea da baina momentuz egin ditugun probekin ez dugu gustuko emaitzarik lortu, lanean jarraituko dugu datozen hilabeteetan.

    Eskaintza inklusiboa egin nahi dizuegunez, hona hemen bakoitzaren berezitasunak:

    • Haragiz betetako alberjiniak: glutenik gabeak dira
    • Sojaz betetako alberjinia gratinatuak: glutenik gabekoak eta beganoak dira
    • Barazki lasagna: beganoa da

    Platerek hiru hilabeteko iraungitze epea dute eta lanean jarraitzen dugu glutenik gabeak eta beganoak direnei zigilua jartzeko.

    Produktu Taldearen hilabete luzeetako lana izan da errezeta osasuntsuak diseinatu eta zirkuitu propioa eraikitzea eta pozarren gaude ametsa egi bihurtu dugulako. Oiartzunen bertan kokatutako sukaldean elaboratzen dizkigute platerak berme guztiekin. Gustu guztietarako eskaintza inklusiboa jarri dugu zuen esku, dagoeneko gure hainbat ekoizleren plater prestatuak ere eskuratuz.

    Horrela bada, gure eskaintzan badaude plater beganoak, glutenik gabeak, haragia daramatenak zein arraina oinarritzat hartuta elaboratuak. Guk propioki elaboratutakoak euskara hutsean etiketatu ditugu, euskararen aldeko jarduna burujabetzaren klabeetan kokatzen baitugu.

    Egunerokoan elikagai freskoak eskuratu eta norberak sukaldatzea bultzatu nahi dugun arren, ukaezina da egungo gizartean ez dugula nahikoa astirik eta bakarrik bizi den jendearentzat edo ezinduak daudenentzat ere alternatiba osasuntsua izan daitezke. Horregatik guztiagatik gure baloreekin bat datozen plater prestatu osasuntsuak jarri ditugu zuen eskura. Gure asmoa behin oinarria jarrita, eskaintza zabaltzen joatea da bai gure plater propio gehiago elaboratuta baina baita gure ekoizleen produktuetara joaz ere.

    Plater prestatuentzat espreski hozkailu berri bat eskuratu dugu bandejak biltegiratzeko dexenteko ahalmena duena, erreposizioa erraztuz eta langileei biltegiko hozkailura joan-etorri gehigarriak egitea eragotziz.

    Denboraz larri zabiltzatenerako edo zerbait desberdina jan nahi duzuenerako hona hemen hainbat proposamen. Dastatzera animatzen zaituztegu!!