facebook instagram youtube
  • Labore 23. Korrikan

    Igandean bukatu zen 23. Korrika, euskararen alde egiten den ekimenik handiena eta kuttunenetarikoa hain zuzen ere. Milaka lagunok Euskal Herri osoa zeharkatu dugu euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko eta AEKren alde dirua biltzeko helburuz. 2.000 kilometro korrikan martxoaren 14tik 24ra.

    Burujabetzaren bidean kokatzen dugu Euskararen aldeko defentsa eta horregatik, euskaratik eta euskaraz funtzionatzea hautatu genuen konszienteki. Eta bide horretan, euskararen aldeko ekimen nazionala babestu nahi izan dugu Oiartzungo ibilbidean kilometro bat eskuratuz. Esleitu zigutena Dendaren ondoko errepidean kokatuta zegoen eta martxoaren 23an (24aren lehen minutuetan), 00:27etan pasatu zen bertatik. Laboreko komunitatea osatzen dugun hainbat kiderekin korrika egin genuen, euskararen alde elkarrekin ttipi-ttapa!!

    Larunbat eguerdian egin zuten AEK-ko kideek dortsal banaketa eta aurten Oiartzungo ibilbidean lekukoa eraman dugun guztien familia argazkia.

    Une hunkigarriak bizitu genituen larunbat gauerdian Laboreren kilometroan gurekin korrika egitera etorri zineten bazkide eta euskaltzale guztiekin. Aurten auzolana omendu nahi izan dugu lekukoa eramateko ardura haiei emanda. Ohorea izan da Toki, Ixiar, Maitena eta Jonen ondoan korrika egitea. Milesker Laboreri ematen diozuen guztiagatik!! Eta nola ez, Azterketak euskaraz egiteko aldarria ere lehen lerrora eraman genuen, badelako garaia Euskal Herriaren luze zabalean gure hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen. Aupa zuek!!!

    Denok jarri dezagun euskaldun egiten gaituen euskararen trantsizioa posible izan dadin gure esku dagoena. Atzo, gaur eta bihar konpromisoz aurrera!! Harro Herri eta zaindu maite duzun hori!!