facebook instagram youtube
  • Hernaniko transformazio zentrora bisita

    Martxoaren hasieran Oiartzungo Elikadura-Mahaiko kideok eta herriko hainbat ekoizle Hernaniko transformazio zentrora joan ginen bisitan. Ainitzeren eskutik jakin genuen garaiko eta tokiko elikagai osasuntsuak oinarri izango dituen egitasmo gastronomikoa jarri dutela martxan. Egun hiru lan-ildo dituzte abian: bertako tupper, elikagaien eraldaketa eta sukalde eta jantokien kudeaketa.

    Transformazio zentroak Bertatik izena du eta Zabalduz koop. eta Fede Pacha & Co enpresen artean 2023an sortutako lankidetza proiektua da. Eskaintza gastronomiko zabal baten bidez, bertako elikagaiak Gipuzkoako etxe, enpresa edota jantokietako mahaietan geroz eta presenteago egotea dute helburu, eta, horretarako lurraldeko ekoizleekin batera egiten dute lan, bertako elikadura sistema iraunkor eta burujabea sortzeko bidean haien ekarpena eginez. Momentu honetan Nafarroatik ari dira elikagaiak eskuratzen. Bestalde, Bertatik-en bidez, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea sustatzen dute, lurraldeko kohesio sozialaren bidean ere haien alea jarriz. Azken finean haien helburu behinena honakoa da: geroz eta bertako elikagaien kontsumo arduratsu gehiago, tokiko ekoizpen gehiago, elikagaien eraldaketa gehiago eta enplegu inklusibo gehiago sortzea.

    Elikagaien eraldaketari dagokionez, tokiko nekazari eta abeltzainek ekoitzitako lehengaiak (barazkiak, haragia, esnea, etab.) eraldatu eta balio erantsi handiagoko elikagai bilakatzen dituzten neurrian bisitan gurekin joandako ekoizleentzat ere interesgarria da, aukera berriak eskaintzen baitizkie haien ekoizpenak merkaturatzeko.

    Datozen hilabeteetan elkarlanerako aukera desberdinak aztertzen joango gara. Milesker egindako harrerarengatik!!