Pozez txoratzen gaude, luzaroan zain egon ostean, gaurtik aurrera Arrasateko Irrika Gluten Free Bakery lantegian eginiko glutenik gabeko gozoak eta ogiak eskuratu ahal izango dituzuelako Laboren. Ainarak eskaintzen diguna gozogintza eta okintza osasungarria, inklusiboa eta eskualdeko osagai ekologiko eta 0km-ko lehengaiekin egina da.
Duela bost urte deskubritu zuen berak eta bere semeak zeliakia dutela eta bizitzako plazer txikiak inork kendu behar ez dizkiela pentsatuz, guztion eskura jartzen ditu glutenik gabeko gozoak eta ogi ugari. Ogiak (1kg) enkarguz ekarriko ditugu soilik, ostiralera arte duzue eskaera egiteko aukera eta asteartetan ekarriko dizkigu. Donutsek astebeteko iraungitzea dute eta hozkailuan gordetzea gomendatzen da. Izoztu ere egin daitezke eta, kasu horretan, hiru hilabetean kontsumitzeko aukera zenukete (ordu erdian deskongelatzen dira). Gailetek berriz, hilabeteko iraungitze epea dute.
Donutsak egiteko ez du azukrerik erabiltzen, datil eta sagar konpota darabiltza gozo ikutua emateko. Ogia egiteko berriz, 12 orduko hartzidura egiten du; horrek bere xamurtasuna luzatzeaz gain, bitaminak hobeto xurgatzea, gluzemia indizea txikiagoa izatea eta digestioa errazagoa izaten laguntzen du. Gailetak egiteko azukrearen ordez panela erabiltzen du.
Eskaintza zabala du: arto, gari beltz eta oloz eginiko ogiak, boniato, azenario zein kalabazaz eginiko donutsak, madalenak, gailetak, palmerak,… Zatoz dastatzera!!