facebook instagram youtube
  • Gazta eta sagardo dastaketa

    Datorren otsailaren 23ko iluntzerako ondorengo proposamena luzatu nahi dizuegu: Laboreko sukaldean Berbelar gazta artisau ekologikoen dastaketa izango dugu Ageri sagardo naturalarekin lagunduta. Hitzordua arratsaldeko 18:30etan finkatu dugu. Berbelar proiektua azaltzera Xabier etorriko zaigu. Behi-gazta findu ekologikoak egiten ditu, 4 gazta esne pasteurizatuarekin eta beste 3 esne gordinarekin, ez dira ohiko gaztak. Finduak izateak azalak ere lantzen dituela esan nahi du, zaporea emateko bestelako elikagaiekin nahastuz, harrigarria da emaitza! Laboreko langileok joan den astean izan genuen bere elaborazioak dastatzeko aukera eta izugarri gustatu zitzaizkigun. Bazkide batzuek ere Oreretako Landalur azokan ezagutu zenituzten bere gaztak eta Laboren eskaintzeko eskaera egina zenuten, bada, laster izango duzue horretarako aukera. Ziur gaude zuen gustukoak izango direla!

    Hitzordu hau baliatu nahi dugu, Berbelar gaztak ezagutarazteko eta Xabierren eskaintza guztitik zein eskuratu denon artean erabakitzeko, nahiz eta aurreratzen dizuegun zaila izango dela aukeraketa. Bertaratutakoek dastatutako gazta bakoitza puntuatu beharko du eta harrera onena izan dutenak jarriko ditugu salgai Laboren.

    Eztarria bustitzeko, aldiz, Ageri sagardoa izango dugu. Berriki jarri dugu salgai Lezoko Munduate familiak Jaizkibelen magalean dituen sagastietatik bildutako sagarrekin eginiko sagardo naturala. Hiru anai-arreba gaztek abiatu duten proiektua da eta eskualdekoak izanik, plaza eskaini nahi diegu haien uzta merkaturatu eta Laborezainongana gerturatzeko.

    Elikagaiak prestatu eta antolatze aldera, aurrez izena ematea eskertuko genizueke baina ez da nahitaezkoa, hau da, azken momentuan animatzen bazara, ez hutsik egin. Izena emateko ohiko bideak dituzue: Denan jakinarazi ala emaila bidali laborezain@laboreoarso.eus helbidera.

    Gorde data agendan eta zatoz!!