facebook instagram youtube
  • Bazkideon bilera

    Joan den asteartean egin genuen bazkideon bilera Zaindu maite duzun hori lemapean. Bertan argi utzi nahi izan genuen Labore proiektuak bazkide guztion beharra duela eta hortaz, zuen parte hartzea beharrezkoa zaigula. Lan-ildo ugari ditugu martxan baina finkatutako helburuak lortzeko jendea falta zaigu.

    Lehentasunez honako bi lan-taldeetarako bazkideak behar ditugu:

    • Labore Egunaren antolaketa. Estreinakoz maiatzaren 6an egitea erabaki genuen bilerara bertaratutakoen artean eta asmoa urtero egitea da. Talde motorrean parte hartzeko 3-4 pertsona behar ditugu, dagoneko hiruk izena eman baitute. Taldetxo honen helburua aurtengo Labore Eguna diseinatzea izango da: egitaraua, azpiegiturak, parte hartzaileekiko harremana, egunean bertako egitekoen zerrenda osatzea, etab. Lehenengo bilera, martxoaren 1ean, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan izango da Laboreko goiko solairuan.
    • Larunbatetako auzolana. Dendarien deskantsurako eskubidea hobeto betetzeko duela pare bat urte hasi ginen larunbatetan langile bakarrarekin funtzionatzen. Astean ordu kopuru bera egiten dute baina hiru larunbatetatik bakarrean lan egiten dutenez, astean zehar banatzen dira ordu horiek. Baina urteko sasoi batzuetan nahiko justu ibiltzen gara langile bakarrarekin, bereziki denda jasotzeko momentuan, izan ere, bero egiten duen garaietan fresko guztia barruko kamaran sartu behar izaten dugu asteburuan zehar. Horregatik hasi ginen bazkide bolondresen laguntza eskatzen. Gainera modu aproposa iruditzen zaigu ere Denda eta proiektua bera ere barrutik ezagutzeko. Dagoeneko 10 bat lagun badaude izena emanda auzolan poltsan baina beste horrenbeste beharko genituzke. Zenbat eta gehiago izan, bakoitzak gutxiagotan egin beharko baitu bere txanda. Urteen poderioz, auzolana ere egokituz joan gara eta aurtengo planteamendua maiatza-uztaila eta iraila-abendua tartean dauden larunbatetan 12:00-14:00etara egitea da. Bereziki apalak hornitzeko eta azken orduan Denda jaso eta garbitzen laguntzeko litzateke. Dendako sarreran dugun oharren taulan zerrenda jarriko dugu maiatza eta ekaineko larunbatekin eta izena emateko eskatu nahi dizuegu, zuen disponibilitatearen arabera.

    Lehentasunezko bi helburu hauetaz gain, jakin lan-talde iraunkorrak ere martxan ditugula. Talderen batean parte hartu nahiko bazenu ala interesa sortzen badizu baten batek, jarri gurekin harremanetan.

    Hemendik zuen interes eta ezagutzaren baitan proiektuari urtean pare bat ordu eskaintzera animatu nahi zaitugu. Labore proiektua aurrera eramateko behar zaitugu!!