Jakoba Errekondok elkarlanean argitaratu berri duen Euskal Herriko zuhaitzak eta arbolak liburu mardula dagoeneko eskuragai duzue Laboren.

Gure kulturaren historia eta garapena ezin da ulertu zuhaitzik eta arbolik gabe: erritoak, ospakizunak, eraikuntzak, energia, industria, laborantza, abeltzaintza eta abar luze bat.
Ia 500 orriko liburua da, 1.096 argazkiz jantzia (horien artean, Dani Blancok berariaz liburu honetarako ateratakoak) eta Unai Gaztelumendik diseinatu du. Euskal Herrian topatu ditzakegun 116 zuhaitz eta arbola espezie aurkezten dizkigu liburuak, banaka: bakoitzaren ezaugarriak, erabilerak, bitxikeriak, eta gaitzak eta izurriteak ezagutuko ditugu. Zuhaitz bakoitzak du bere mapa, Euskal Herrian duen kokalekua ikusteko, eta bere ilustrazioa (besteen artean, Espe Latorrerenak).
Jakintza orokor hauek ere azaltzen ditu lanak: zuhaitzaren edo arbolaren egitura, izendapena, ekologia, zuhaitzekin lanak, ilargia, basogintza, paisaia eta erabilerak. Guzti hau 5.000 hitzeko hiztegia, 500 erreferentziadun bibliografia eta Euskal Herriko 235 zuhaitz eta arbola aparten maparekin osatzen da.
Zuhaitzak eta arbolak eta egurrak eta zurak Euskal Herrian duten garrantzi berezia azaltzen duten 15 kolaborazio bereizi ere badakartza, gai bakoitzean jantzia den jende espezialistak berariaz libururako idatzitakoak.
Liburu aberats hau ahalik eta preziorik eskuragarrienean jarri nahi izan dute (50€tako prezioa du), maila honetako erdal liburuek izan ohi duten preziotik oso urrun. Izan ere, hasieratik proiektu honen helburua izan da euskaldunok belaunaldiz belaunaldi jaso dugun zuhaitzei eta arbolei buruzko jakintza eta kultura ahalik eta etxe gehienetara zabaltzea, ondorengoek ere ezagutu dezaten. Hau guztia ez litzateke posible izango, proiektu hau ongarritu duten Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 57 erakunderen inplikaziorik gabe.
Saldutako liburu bakoitzeko metro koadro bat baso sortuko dute, Tantai Baso Jabe Kooperatibaren laguntzarekin.
Ziburuko liburu azokan oso harrera ona izan du eta baita han hemenka 3 egileak egiten hasi diren aurkezpenetan ere.
https://www.argia.eus/…/zuhaitzen-hizkuntza-kimikoa-da…
Sekulako altxorra jarri dute gure eskura, zalantzarik gabe!!
Informazio gehiagorako ikus: https://azoka.argia.eus/…/zuhaitzak-eta-arbolak-euskal…


