Azaroaren 3tik 5era ospatu zen Esneki, Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka berezia. Bertan Euskal Herriko gazta mota guztien lehiaketa egin zen. Bertan Larretaren behi-gazta freskoak eta Txikiñenako ahuntz-gazta kremak zein ahuntz-jogurtak eskuratu dute bere kategorian 1. saria. Aupa zuek!!
Laboren eskuragarri dituzue esneki horiek, Leirek Larretako gazta astelehenetan ekartzen digu eta asteazkenetan berriz, Txikiñenako Aimarrek ahuntz-esnekiak.
Esneki azoka, Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, Tolosako Udalaren, HAZIren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Leartiker eta Esneki Zentroaren laguntzarekin sustatuta, esnekien inguruko hitzordu gastronomikoa izateko bokazioarekin sortu dute, azpimarra nagusia gaztan jarriz. Euskal Herriko gazta eta esneki aniztasunaren erakusle izan zen Tolosa, esnetik sortutako produktu mota guztiek izan baitzuten tokia azoka berri horretan. Hain zuzen, oparotasun hori balioan jarri eta gizarteratzera dator urteroko maiztasunarekin egin nahi duten azoka berri hau.
Hamar mailatan banatu da lehiaketa: gazta fresko eta gaztanberak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak, pasta egosiak, gazta kremak eta jogurtak. Maila bakoitzean beste bi azpi-kategoria ere badaude: alde batetik, gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutako gaztena; eta bestetik, hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena.
Azpi-kategoria horietako bakoitzean puntuaziorik onena lortu zuten lehen hirurek jaso zuten saria. Behin hori argituta, gazta maila bakoitzeko irabazleen artetik sari nagusia nork eramango zuen ebatzi zuten. Asteasuko Otzara Goine izan da txapeldunen artean txapeldun. Epaimahaia 40 pertsonak osatu zuten eta produktu bakoitzaren ezaugarri organoleptikoak baloratu zituzten: itxura, ehundura, zaporea, usaina eta balorazio orokorra.
Zatoz eta dastatu esneki mundial hauek!!