facebook instagram youtube
  • Ardo dastaketa giro onean

    Azaroaren amaieran ardo biodinamiko eta naturalen dastaketa izan genuen Laboreko sukaldean. Bertan Biba Ardoak kooperatibako kide diren euskal-mahastizain ardogileak hobeto ezagutzeko aukera izan genuen eta baita haien uzta berria dastatzekoa ere. 2020an Tabakaleran egin zuten proiektuaren aurkezpen ofiziala, bideo honetan ikus dezakezue:

    Bertaratutakoak giro goxoan egon ginen iluntze pasa polita eginez, gertuko giroa nagusi mokadutxoa janda etxeratu ginen. Dastaketako ardo batzuk jadanik salgai genituenez ezagutarazteko baliagarria izan zen (Hontza ardo beltza, Urkizahar txakolina), beste batzuk, aldiz, ikusita nolako harrera izan zuten bertaratutakoen artean, gure eskaintzara gehitzea erabaki dugu. Ardo naturalak izaki, urtean zehar egindako eguraldiaren arabera, uzta ere aldatzen denez (ez dira ardo industrialak, artisauak eta biziak baizik), zenbait ardo ustez ezagunen zaporeak ere onerako harritu gintuen. Dastaketara etortzerik izan ez zenutenontzat, esan Fernandez anaien (Bardea) Basoa, Aristu upategiko Irunberriko burbuilak (Brut Nature) eta Gil Berzal upategiko Pequeñas Parcelas Txuria ardoak izan zirela gehien gustatu zitzaizkigunak. Harridura gehien aldiz, Bordatto upategiko Erotasunak eragin zigun; zaporean basa-fruituak senti daitezke.

    Arturok bitxikeria mordoa azaldu zigun: burbuiladunen elaborazioa berezia, ardo txuriak zein burbuiladunak ere mahats beltzetik ekoizten direla, mahastizain-ardogileen kolaborazioak, etiketen elaborazioak,…

    Hitzorduaren arrakasta ikusita eta bertaratutakoen eskaerari erantzunez, saiatuko gara aurrerago dastaketa berriak zein upategietara bisitak antolatzen. Etorri ez zinetenoi, aldiz, animatu nahi zaituztegu hemendik aurrera egingo ditugun ekoizleen aurkezpen eta dastaketetara etortzen, oso gertuko giroa sortzen baita, ekoizle eta kontsumitzaileok elkarrengana hurbiltzeko eta komunitatea eraikitzeko aukera ematen baitigu. Aprobetxatu aukerak!!

    Dastaketaren ostean Laboreko Ardoen Txokoa osatu dugu ardo berrien eskaintzarekin, zatoz ezagutzera eta animatu dastatzera!!! Eguberriak gainean ditugula, aukera bikaina izan daiteke.