Kalean da Bizi Baratzea orriaren 6. alea eta Laboren eskuragai duzue. Aurrekoetan bezala, eduki mamitsua du:
– Oraingo honetan Burruntziak eta sorgin-orratzak posterra dakar: Iñaki Mezquita Aranbururen azalpenak eta argazki ikusgarriak dakartza, eta Ione Larrañagaren ilustrazioek girotu dute, intsektu eder hauek bereizten eta ezagutzen ikas dezagun.
– Zer egin udan Haziekin (Kelo Arribas), Baratzean (Jakoba Errekondo), Basoan (Iñaki Etxebeste) eta
Sendabelarrekin (Garbiñe Larrea).
– Ba al dakizu Euskal Herrian te landaketak badirela? Uztaritzen (Lapurdi) Mikel Esclamadonek lantzen ditu Ilgora proiektuko te landareak eta berak azaldu dio Jenofa Berhokoirigoini, osorik eskuz egiten duen prozesua.
– Fruitu txikiak lantzeko gakoak. Ane Aranburuk ahabiak, mugurdiak eta marrubiak lantzen ditu Zarautzen (Gipuzkoa) eta bere esperientziatik azaldu du udako plazer txiki hauek nola landatu eta zaindu.
– Itsasoaren propietateak, baratzearen ongarri. Ormusa itsasoko urarekin egiten da eta baratzerako ongarri bikaina omen da. Igeldoko (Gipuzkoa) Antton Dorronsorok azaldu dio Garazi Zabaletari nola egiten den, urratsez urrats.
– Inurriak: Txikiak izanik ekosistema oso batean duten inpaktua. Jakoba Errekondoren eskutik.
Urtaroero Argiako lagunek gure esku jartzen duten altxorra!!



