Azaro amaieran Derion izan ginen EHNE-Bizkaiak antolatutako “Elikadura iraunkorra erdigunera” foroan. EHNE BIZKAIAk antolatutako jardunaldian, hitzaldi eta mahai-inguru oso interesgarriak izan genituen elikadura sistemaren paradigma aldaketa eta trantsizio ekosozialerako aterki komuna eraikitzeko bidean. Ikuspegi desberdinekin mosaiko ederra osatzea lortu zuten antolatzaileek eta begirada feminista ere oso presente egon zen. Azken aldiko foroetan ikusten ari gara kide gehienok emakumezkoak garela eta konplizitateak ere josiz goaz, momentuz lorpen itzela da elikadura osasuntsua zaintza eskubide kolektibo gisa aitortzea.
Goizean hasi eta gauera arte iraun zuen jardunaldian hamaika hizlarik parte hartu zuten, elikadura eta elikadura-sistemak diziplina anitzetatik aztertzeko. Helburua elikadurari buruzko eztabaida gizarte-eztabaidaren erdigunean kokatzea izan zen, elikadura-sistemak aztertuz, bai Euskal Herrian, bai mundu osoan.
Berrogeita hamar bat pertsona bertaratu ginen honako egitaraua izan zuen jardunaldira:
- Elikadura erdigunean, iraunkortasuna espekulazioaren aurrean prentsa-agerraldia
- Elikadura sistema iraunkor eta justuak eraikitzen mahai-ingurua: Amets Ladislao (Etxalde), Euskal Herriko Laborantza Ganbara (Patxi Iriarte), Bergarako Elikadura Mahaia (Ainhoa Narbaiza) eta Ondarroa 12 Milia (Leo Belaustegi).
- Kontsumo iraunkor eta eraldatzaile baterako tresna berriak ikusmolde feminista batetik: Gotzone Sestorain (baserritarra eta ekintzailea) eta Ainhoa Etxaide (militante feminista).
- Komunikazioa gizarte gehiengo bat indartzeko Elikadura Burujabetzaren bidean: Gorka Barruetabeña (Sorland Komunikazio Agentzia)
- Elikadura Burujabetzaren bidean proposamenak eta prozesuak agroekologia eta baserritar feminismotik
- Landa guneko emakumeen errealitatearen inguruko ikerketak (emakume migranteak landa gunean eta emakume baserritarren estatutoaren garapen osorako analisia eta proposamenak)
- Zaintzak birpentsatzen. Emakume baserritarrak pertsona, lurra, lurraldea eta planetaren zaintzan.
- Azaroak 30eko Greba Orokorra. Zertara goaz? Bizitzak erdigunean.
Prentsari helarazitako mezua duzue jarraian:
Ezinbestekoa da elikaduraren eta bere ekoizpenaren inguruko eztabaida publiko bati ekitea. Elikagaien ekoizpena eta iraunkortasuna txanpon beraren bi aurpegiak dira. Elikagaien prezioen igoera espekulazioaren ondorio da, eta arriskuan jartzen du pertsona askorentzat behar beharrezkoak diren elikagaien eskuragarritasuna. Elikadura osasuntsua izateko eskubidea dago jokoan.
Nekazaritzako elikagaien sistema globaletan aldaketa eraldatzailea egiteko beharra oso onartuta dago larrialdi klimatikoari eta sistema horiek sortzen dituzten ingurumen, gizarte, eta ekonomia eta osasun erronkei aurre egiteko. Gaur egungo nekazaritzako elikagaien sistemak, eskalako ekonomiaren, intentsifikazioaren, espezializazioaren eta uniformizazioaren logika industrialetik bultzatuta, ez dute bermatzen elikagaien segurtasuna, ezta jendearentzako nutrizio egokia ere. Aitzitik, lurraren emankortasunaren eta biodibertsitatearen suntsipenaren mugara eraman gaituzte, bai eta gehiegizko ustiapen hidrikora ere, lurzorua, airea eta ura kutsatuz.
“Ezinbestekoa da elikadurari eta bere ekoizpenari buruzko eztabaida publiko bati ekitea. Ekoizpen eredu guztiak bateragarriak dioen diskurtsoa jasanezina da, eta premiazkoa da produkzio eta elikadura eredu jasangarrietaranzko trantsiziorako oinarriak ezartzea. Hainbat eskalatako proposamenak antolatu behar dira, merkatuak arautzetik hasi eta tokiko elikadura sistema berriak eraikitzeraino. Elikagai ekoizpena eta iraunkortasuna txanpon beraren bi aldeak izan behar dira.
Erronka horiei aurre egiteko, egungo eredu intentsiboa ezin da pixkanaka hobetu. Horren ordez, asmo handiko paradigma aldatu behar da gure nekazaritzako elikagaien sistemak birdiseinatzeko. Krisi sistemikoaz ari gara, non elikadura eskubdiea eztabaidaren erdigunean kokatzen den. Elikagai merkatuen liberalizazioak espekulazio mailak biderkatu ditu etorkizuneko merkatuen bidez, non inbertsio funts finantzarioek lehentasunak ezartzen dituzten. Elikagaien prezioaren igoera espekulazioaren ondorio da batez ere, eta zalantzan jartzen ari da premia biziko elikagaien eskuragarritasuna gero eta pertsona gehiagori.
Inoiz baino premiazkoagoa da paradigma sistema agroekologikoetara aldatzea.
Iraunkortasunaren ekonomia, ingurumen eta gizarte dimentsioak bateratzeko agroekologiak duen gaitasun bakarra gero eta estamentu gehiagok aitortzen dute, FAO barne. Horrek nekazaritza eta elikagaigintza sistema eraldatzea eskatzen du, agroekologian oinarritutako Elikadura Subiranotasunerantz aurrera egiteko, biodibertsitatearen kontserbazioa eta lan-baldintza duinetan oinarritutako elikagai jasangarrien eta tokiko elikagaien ekoizpena bermatzen baititu.
Eraldaketa prozesuek elikadura osasungarririk ez duten biztanleak barne hartu behar dituzte. Gero eta jende gehiagori aurre egin behar dioten elikadura segurtasunik ezak laguntza puntualek baino erantzun estrukturalagoak eskatzen ditu. Testuinguru horretan, garrantzitsua da Frantziako Elikaduraren Kontseilu Nazionalak 2022an onartutako irizpidea, bertan aitortzen baita beharrezkoa dela mekanismo berriak ezartzea elikagaien demokrazia bermatzeko Elikagaien Gizarte Segurantzaren aktibazioaren bidez. La Via Campesinako kidea den Confederation Paysanne eta beste talde batzuek bultzatu dute proposamena, eta, honen arabera, pertsona bakoitzari hilean 150 euroko txartel bat izateko aukera emango liokeena, elikadura osasuntsua bermatzeko, agroekologian oinarritutako ekoizpena sustatzeko eta giza mailako erronda handienetako bati erantzuteko, hau da, elikadura osasuntsurako eskubidea bermatzea. Euskal Herrian antzeko proposamen bat landu nahi dugu arlo desberdinaetako eragile sozial eta aktibistekin.
Elikadura, politika publikoen ardatz egituratzaile gisa
COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamendu aldian, nekazaritza jarduera funtsezko parametroetara igo zen herritarren elikadura bermatzeko, eta elikagai freskoen, tokiko elikagaien eta hurbileko elikagaien kontsumo indizeak maila historikoetara igo ziren. Elikadura da pertsonengan eta ingurune fisikoan eragin handiena duen jarduera. Beraz, elikadurak duen zeharkako izaera (biziraupena, osasuna, ekonomia, lurraldearen kudeaketa, ezagutza, kultura,…) baliotan jarri eta politika publikoen erdigunean jarri behar da.
Jantoki publikoak (ikastetxeek, ospitaleek eta zaharren egoitzek, garairik zaurgarrienak bertan igarotzen ditugu) lehentasunezkoak izan behar dira helburu handinahiak ezartzeko garaian eta produkzio fasean enplegua berreskuratu eta sortzeko prozesuak artikulatu ditzaten, aipatutako espazioetako hezkuntza eta zaintza fasean sartzeaz gain.
EHNE Bizkaiak proposatzen du bost urteko epean erosketa publikoaren bidez eskainitako elikagaien %55 gutxienez tokikoa eta hurbilekoa izan dadila, eta lehentasuna eman beharko litzaiokeela ekoizpen arloan sartu berriei eta eskala txikiko ekoizpenei. Eta 2030erako erosketa publiko hori %65ean egotea. Baserritarren ekoitzitako elikadura dela eta, elikadura sintetikoa (laborategikoa) ezin da alternatiba bat izan. Elikadura artifizialak nekazaritza eta abeltzaintza industrializatuaren bilakaera adierazten du, natura-animalia/pertsona binomioaren deskonexiotik pasatuz eta laborategiko elikadurak adierazten duen erabateko bereizketara iritsiz. Kulturari dagokionez, haustura antropologikoa dakar; ez baita gauza bera gure elikadura naturaren mende dagoela jakitea ala laborategien menpekoa.
Elikadura osasuntsua zaintza eskubide kolektiben barnean kokatzen da
Jardunaldian elikadura burujabetzaren alde dauden emakume baserritar eta feministek hitza hartzeko aukera izan zuten eta azald ziguten bat egin zutela Azaroaren 30erako Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako greba feminista orokorrarekin. Baina aldi berean, zaintza sistemaren inguruan egindako hausnarketa eta proposamenei gure ekarpena egin nahi diotela.
Haien ikuspegitik, zaintza pertsonak zaintzea baino gehiago da, ikuspegi holistikoa aldarrikatzen dute; lurra, haziak, ura, abereak, lurraldeak eta ondasun komunalak ere zainduko dituen sistema bat. Zaintza elikatzetik ere badator eta ezin dugu zaintza sistema bat antolatu lehenago elikadura osasuntsua erdigunean jarriko duen sistema bat antolaturik ez baldin badago.
Ulertu behar dugu, kapitala eta agroindustriaren kontrako borroka oso handia eta basatia dela eta emakume baserritarrak oso gutxi direla horri guztiari aurre egiteko, horregatik mugimendu feministaren bidelagun dira. Gainera, elikadura sistema ez da ekoizpenera eta eraldaketara mugatzen. Banaketa, kontsumoa, erosketa publikoak eta etxeak barneratzen dituen sistema oso bat da. Denok jaten dugu egunero eta ikuspegi global eta holistiko batetik ulertu behar dugu gaia.
Jardunaldian hitz egindakoaren kronika osoa irakurtzeko aukera duzue loturan.
Inorri baimenik eskatu gabe, jo dezagun aurrera!!!