facebook instagram youtube
  • Amillubi proiektua

    Baliteke “Amillubi” orain arte entzun ez izana… beraz, zer da Amillubi proiektua?

    laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak, Gipuzkoan, Urola ibaiaren meandroan dauden lurrak eta baserria erosiko ditu modu kolektiboan.

    Amillubi Zestoako Iraetako meandroan kokatuta dagoen balio agroekologiko handiko lur eta baserriak osatzen dituzte. Proiektuaren helburu nagusia Amillubi ondasun kolektibo bilakatzea da, eta horren bitartez: herritarrek bertako eta osasuntsuak diren elikagaiak eskuratu, nekazariek lurrak modu duinean lantzeko aukera izan, lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babestu, eta, azken finean, lehen sektorea eta gure elikadura sistema indartzea.

    Amillubi aurten 30 urte bete dituen nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur elkartearen sareak sustatu du baina herri proiektu kolektibo honetan gure laguntza ezinbestekoa dute.

    Amillubi baserria eta bere lurrak erostera doaz. Elikadura burujabetzarako bidean gelditzen diren lur emankorrak babestu behar ditugu. Bertan, lurrarekin errespetuzkoak diren laborantza proiektuak jarriko dituzte martxan Amillubin; formazioa eta nekazarien arteko saretzea sustatuko dituzte, eta nekazari berri gehiagoren bidelagunak izango dira.

    Zergatik Amillubi?

    Leku estrategikoan kokatuta dagoelako, bereziki hiru arrazoiengatik:

    1- Amillubi baserria Urola ibaiaren meandro naturalean dago, Zestoa herriko Iraeta auzoan. Meandroan egoteak krisi klimatikoaren garaiotan ura eskura izatea bermatzen die eta lurraren emankortasuna indartzen du. Horregatik dira Amillubiko lurrak baratzagintzarako, frutagintzarako eta lurraren laborantzarako egokiak.

    2- Amillubiko lurrak entitate-publikoaren jabetza duten 26 hektareako nekazaritza lur gisa kalifikatuta dauden eremu zabal baten alboan daude, etorkizunera begira proiektua hedatzeko aukera paregabea eskainiz.

    3.- Logistika antolatzeko leku egokian dagoelako. Bai Gipuzkoako kostaldeari begira, bai barrualdeko eskualdeei begira elikagaien banaketarako bere kokapena lagungarria egiten du.

    Amillubik 5 hektarea-baso eta 4 hektarea belardi naturala eta nekazaritzarako lur sailaz osatzen da. Balio agroekologiko handiko eremu zabal hau herritarrontzat elikagaiak sortzeko eta babesteko aukera daukagu eskuartean!

    Amillubik Euskal Herrian nekazaritza herrikoi eta iraunkorra eraikitzen parte hartu nahi du, iparraldeko Lurzaindiaren lorratzari jarrituz. Baina horretarako babesa behar dute.

    Amillubi lurra taupaka proiektua babes zabala jasotzen ari da ekimena abendu hasieran aurkeztu zutenetik. Biolur elkarteak eta Amillubiko lan-taldeko kideek, ekimena jasotzen ari den babesa eskertu nahi diote euskal gizarteari eta 2024an ere elikadura burujabetza elikatzeko lanera gonbidatu nahi dituzte herritar zein eragileak.

    Zertarako? Natur ondare hori babesteko, laborariek ingurumenarekin errespetuzkoa den moduan landu eta zaindu dezaten lurra, eta herritarrek elikagaiak eskuratu ditzaten.

    Elikadura burujabetzaren bidean aurrean daukagun erronka ez da makala. Izan ere, egunero jaten dugunaren %10a soilik da bertan ekoitzitakoa eta gainerakoa milaka kilometrotatik ekarritakoa da. Ekiteko garaia dela uste dugu eta praktikatik, kolektiboan, lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babesteko asmoz, eta lehen sektorea eta gure elikadura sistema indartzeko helburuarekin lanean jarraitzeko garaia dela uste dugu. Amillubin ereingo dira biharko nahi dugun Euskal Herria elikatzeko haziak.

    Lagunduko diegu elikadura burujabetzaren ikuspegi estrategiko honen baitan Amillubi proiektua babesten?

    Erronka handia dute eskuartean: 390.000 euro bildu behar dituzte bi urtetan, 90.000 metro koadro lur eta baserria erosteko eta baserria konpontzeko. Gainera, Amillubiko lurrak entitate-publikoaren jabetza duten 26 hektareako nekazaritza lur gisa kalifikatuta dauden eremu zabal baten alboan daude, etorkizunera begira proiektua hedatzeko aukera paregabe eskainiz.

    www.amillubi.eus webgunean duzu informazio guztia eta proiektua ernetzen laguntzeko ekarpena ere bertan egin dezakezu.

    2024an ere jarrai dezagun elikadura burujabetzaren bidean haziak ereiten!