Joan den asteko dastaketan Laborezainon artean erabaki bezala, Berbelar gazta findu ekologikoak eskaintzen hasi gara. Ez dira ohituta gauden behi-gazta suabeak, nortasuna dutenak baizik. Bi gazta onduak dira eta hirugarrena “camembert” estilokoa (plantxan egiteko, entsaladan gehitzeko, krepetan zein ogitartekoetan jateko, etab.).
Honako hiru gazta hauen artean aukeratu ahal izango duzue:
ETXEKO GAZTA: pasta prentsatuko gazta, animalia jatorriko koagulazio entzimatikoa duena. Azalera garbitua du eta gatz eta urez afinatua dago. Gazta erdi-ondua da. Hutsean ontziratua dator 250-350gr pusketetan.
ALDATS: gazta ez prentsatua, animalia jatorriko koagulazio laktikoa. Azalera loratua du eta onddo zuriz afinatua dago. Gazta erdi-ondua da eta 150-250gr arteko pieza errektangularretan dator paper parafinatuan bildua.
GARAGAR: pasta prentsatuko gazta da, animalia jatorriko koagulazio entzimatikoa duena. Azalera garbitua du, garagardoz afinatua dagoen gazta ondua da. 250-350gr arteko pieza biribilduetan dator hutsean ontziratua.
Datozen egunetan salgai jarri berri ditugun gaztak dastatzeko aukera izango duzue erosketa egitera etortzean.
Sustengatu ditzagun lehen sektoretik bizitzeko hautua egin duten gazteak gure erosketaren bidez!!