facebook instagram youtube
  • Oiartzungo Haragi-Zirkuitu propioko 2. esperientzia martxan

    Bihar, Maiatzak 21, Oiantzabal baserriko beste urruxa baten haragia eskuratzeko aukera izango dugu oiartzuarrok.

    Herriko haragia herrian bertan jatea garrantzitsua iruditzen zaigu baina haragi horrek bermeak izatea nahi dugunez, aurreneko saiakeran egin bezala, oraingoan ere gizentzeko prozesuan jarraitu beharreko joku-arauak berberak izan dira, tartean gizentzeko emandako pentsua (zereal ekologiko eta transgenikorik gabea), hormona externo eta antibiotikorik gabe hazia, tratu ona jaso duena, etab. Laboreren berme guztia duen haragia izango da, kalitate ezinhobeko haragi osasuntsua jarriko du gu guztion eskura, zorionekoak gu!!

    Bigarren proba honetan Oiantzabal baserriko Julenek 12 hilabeteren buelta arte gizendutako eta kanalean 244kg pisatu dituen urruxa bat jarri du herritarron eskura. Emea izaki, gizentzen pasatako 6 hilabetetan ez du pisu gehiegirik hartu baina haragi xamur-xamurra lortzea ahalbidetu digu. Oraingoan ere Laborek hartu du aberea osorik erosi eta merkaturatzearen ardura. Martuteneko hiltegia baliatu ostean, Hernaniko Bertatik Elikatuz proiektuaren eraldatze gunean egin dute despiezea eta transformazioa azkenik, Laborera ekartzeko.

    Txahal-haragiaren parte garrantzitsu bat loteetara bideratuko da, herritarrei 5kg-ko haragi fresko loteak eskuratzeko aukera emanez. Lote hauetan haragi mota desberdinak eskainiko dira: xerrak, haragi-xehetua, saihetsak, txuleta, zankarroia eta gisatzekoa. Guztira 5kg-ko 24 lote atera ahal izan ditugu, aurreneko deialdian baino 5 gehiago. Gogoratuko duzue martxoko proba pilotuan hiru txekorren adinako lote eskaerak jaso genituela  eta aurreratu genizuen aurreneko deialdian loterik gabe geratutakoek izango zenutela lehentasuna oraingo honetan. Horretarako itxaron zerrendara jo dugu eta zuekin jarri gara harremanetan jakiteko ea bigarren deialdian lotean interesatuak egoten jarraitzen ote duzuen eta egia esan, pozarren hartu duzue gure deia.

    Loteetara bideratzen ez den haragiaren zati handiena transformatu eta izoztu egingo dugu (azpizuna, tripakiak, hezurrak, gibela, pikadilloa, albondigak, hanburgesak, etab.), horrela 6 hilabeteko iraungitze data izango baitu eta denboran zehar oiartzuar guztioi herriko haragia eskaintzeko aukera emango baitigu. Haragia bazkide zein bazkide ez diren oiartzuarrek prezio berean eskuratzeko aukera izango dute, herri proiektua den aldetik hala egitea erabaki baitugu.

    Prueba pilotua kontutan izanda, formatuetan aldaketa batzuk egin ditugu eta aurreneko kanpainan hanburgesa eta albondigek izandako arrakasta ikusita, gehiago elaboratuko ditugu oraingo honetan. Txahalaren despiezeak egunerokoan eskaintzen ez ditugun hainbat haragi zati eskaintzeko aukera ematen digu (bizkarkia, muturrak, masailak, etab.) eta badakigu zein kuttunak diren, beraz, aukera aprobetxatu!

    Proba pilotuko datu ekonomikoak mahai gainean izanik, oraingo honetan salmenta prezioak zertxobait apalduko ditugu, denontzat eskuragarriagoa izan dadin, baina baserritarrari abereak jandako pentsua eta hiltegirainoko garraio gastua ordaintzeaz gain, egindako lanaren truke prezio duina ordainduko diogu. Aurreneko bi esperientzia hauen ondoren, gure asmoa abeltzainekin abereen prezio egonkor bat adostea da, txekorren truke merkatu librearen espekulaziorako joeratik aldendu eta ordainsari duin eta egonkorra eskura dezaten. Prezioa kiloko finkatuko da eta beti ere aberea gizentzeko abeltzainak izandako kostuak kontutan izanda baina baita baserritarrei irabazi txukuna ahalbidetuko diena ere. Gaur egun Labore Oarson egiten diren haragi-lote kanpainak oso erakargarriak dira, kontsumitzaileentzat haragi bikaina prezio oso onean eskuratzeko aukera ematen dutelako, baina bereziki, ekoizleentzat ohiko harategietan ordaintzen zaiena baino nabarmen ordainsari altuagoa eskuratzeko aukera dutelako eta txekor osoa kolpetik merkaturatzeko aukera ematen zaielako.

    Baliatu aukera herriko haragi osasuntsu bikain hau eskuratzeko!! Izan ere, honen ondotik itxaronaldi luze bat izango baitugu berriro ere Oiartzungo Haragi-Zirkuitu propioko haragia zuei eskaintzeko moduan berriro egon arte.

    Bi esperientzia hauen emaitzak mahai gainean izanda, lanean jarraituko dugu herriko abeltzain gehiago proiektura batu, haragi eskaintza iraunkortu eta herritar gehiagorengana heltzeko.