facebook instagram youtube
  • 2. Arropa Truke Azoka

    Gogoratuko duzuen moduan, udazkenean egin genuen estreinekoz Arropa Truke Azoka eta arrakastatsua izan zen. Jende asko gerturatu zen eta arropa asko trukatu genuen geure artean. Orohar oso egoera onean dauden jantziak ekarri zenituzten eta hori eskertzekoa da. Ekarritako jantzi askok etxe berria aurkitu zuten, besteren batek inoiz maite izan dituen altxorrek jabe berria izanez.

    Aho-zapore goxoa utzi zigun kontsumo jasangarriago baten alde eginiko arropa truke azokak eta beraz, hasiera-hasieratik buruan genuen moduan urtean bi aldiz egingo dugu. Udazkenean egin genuen lehena eta bigarrena berriz, udaberrian egingo dugu, armairu aldaketarekin kointzidituz. Horregatik, 2. Arropa Truke Azoka Maiatzaren 8an egingo dugu.

    Egungo kontsumo eredua iraultzeko ehungintzaren alorra ere landu behar dugula iruditzen zaigulako planteatzen dugu. Izan ere, badakizu ekoizten diren hiru jantzietatik bakarra janzten dela eta arropa kontainerretara iristen diren jantzi asko eta askok oraindik etiketak dituztela? Kapitalismoak bultzatzen duen kontsumismoaren alternatiba gisa ekonomia zirkularra planteatzen dugu. Denoi gustatzen zaigu armairua berritzea eta jantzi berriak eskuratzea baina zergatik ez egin arropa trukatuz, berria erosi beharrean?

    Oraingo honetan udaberri/udako jantziak ekartzea eskertuko dizuegu (jantzi beroagoak udazkeneko azokarako gordez). Lehenengo edizioan egin moduan, helduontzako arropaz gain, haur eta gaztetxoena ere trukatzeko aukera izango duzue.

    Bigarren edizio honetan, zuetako batzuen eskaerari erantzunez, jantzien jasoketa azokaren aurreko egunetan egingo dugu (maiatzaren 4tik 7ra bitartean goizez 8:30-14:30 edo arratsaldez 16:30-18:00). Aldaketa honen helburua azoka abiatzeko unean trukatu daitekeen arropa guztia denontzat hasieratik eskuragarri egotea da. Ezingo bazenu aurretik ekarri, salbuespen gisa onartuko dizugu egunean bertan ekartzea baina saiatu aurretik ekartzen faborez. Ikusiko dugu ea bi ereduetako zeinek funtzionatzen duen hoberen eta horren baitan erabakiko ditugu aurrera begirakoak.

    Trukea egiteko joku-arauak aurreneko ediziorako finkatutako berberak dira:

    • Ezingo dira barruko arropa, bainujantzi, oinetako eta osagarriak ekarri
    • Egoera onean dauden jantziak onartuko dira soilik
    • Zuk trukean hartuko zenituzkeen jantziak ekartzea eskertuko genizuke
    • Bakoitzak gehienez 5 jantzi ekartzea pentsatu dugu
    • Jantziak entregatzean, tiketak jasoko dituzu beste batzuekin trukatzeko (oinarrizko kamisetak: 1 txartel / gainerako kamiseta eta galtzak: 3 txartel / beroki, kazadora, soineko edo petoak: 5 txartel)
    • Entregatu eman dizkizuten txartelak gustuko dituzun beste jantzi batzuk etxera eramateko

    Arropa Truke Azoka 17:00etan abiatuko da eta 20:00ak arte iraungo du, tarte horretan nahi duzuenean etor zaitezkete zuen jantziak trukatzera. Nahi izanez gero, hasieran entregatu ditzakezue zuen jantziak eta arratsaldean zehar une desberdinetan erabili zuen txartelak.

    Jantziak probatu nahi dituzuenontzat, liburutegian atonduko ditugu aldagelak aurreneko edizioan bezalaxe.

    Udazkeneko truke azokan txartelak erabili gabe geratu baldin bazitzaizkizun, ekarri oraingoan ere baliatu ahal izango baitituzu, eta, oraingoan trukatu gabe geratzen zaizkizuen txartelak hurrengo arropa truke azokan erabili ahal izango dituzue.

    Trukatu gabe geratzen diren jantziak Emaus Gizarte Fundazioari emango dizkiogu dohaintzan.

    Egin dezagun ekonomia zirkularraren alde bestelako mundu bat eraikitzeko!!