Berriro ere eskuragarri ditugu Palestinaren Zisjordaniako lurretan ekoitzitako Medjoul barietateko datil ekologikoak. Desjabetze eta erailketa guztiei aurre egin eta esportazioei Israelek jarritako zangotrabatze guztiak gainditzeko palestinar laborariak nekaezin eta tinko dihardute lanean.
Bidezko merkataritzaren bidez eskuratzen ditugu eta desjabetutako lurretako ekoizpena ez den bermearekin.
2014az geroztik, IDEAS elkartean etengabeko laguntza ematen diete Palestinako komunitate ekoizleei, ziur baitaude Bidezko Merkataritza justizia eta eraldaketa sozialerako tresna bat dela. Guztion konpromisoarekin, aukerak sortzea eta pertsonen eguneroko bizitza hobetzea bilatuz.
Palestinarrek zailtasun handiak dituzte egunero Israelen okupazioaren ondorioz. Palestinar herriarentzako elkartasunarekin eta justiziarekin konprometituta, tokiko erakundeekin (PARC eta AOWA esaterako) batera lan egiten dute Ideaseko kideek, bizibideak sendotu eta emakumeen ahalduntzea sustatuko duen babes egonkorra mantentzeko.
PARC Palestinako GKEa, 1983tik Zisjordaniako eta Gazako milaka emakume nekazari babesten dituen erakundea da. Bere lana elikagaien segurtasuna indartzea, nekazaritza jasangarria sustatzea eta landa eremuetan emakumeak ahalduntzea da, pertsona ekoizleei lagunduz egiturazko zailtasunek markatutako testuinguru batean.
Palestinako Medjoul datilak dira lan hau gorpuzteko moduetako bat. Jerikoko eta Jordan Haraneko nekazari komunitate txikietatik datoz, eta PARCek bultzatu zuen haien laborantza 90eko hamarkadaren amaieran, landa eremuko bizibideak indartzeko. Gaur egun, Palestinako familia ekoizleei laguntzeko eta lurraren aldeko borroka ikusarazteko modu bat dira.
Jarrai dezagun palestinar herria babesten!






