Kostatu da baina pozik iragartzen dizuegu Nafarroako Erriberako orburu fresko ekologikoen lehen deialdi bat egiteko moduan gaudela. Aurten urtarrileko eurite eta tenperatura ez hain hotzak tarteko, orburuak lotsati ibili dira eta kanpaina egiteko moduan uzta dexentea biltzeko unea atzeratu egin da. Baina amaitu da itxaronaldia, datorren astean Karkarreko Ninok ekoitzitako orburu ekologiko bikainak eskuratzeko aukera izango baitugu.
Orburuak: 6,25€/dozena
ESKAERAK egiteko azken eguna: APIRILAREN 17a, ostirala.
JASOTZEKO: APIRILAREN 20an, astelehena, eguerditik aurrera.
Badakigu zuetako asko orburu freskoak dastatzeko irrikitan zaudetela, gu ere horrelaxe gaude, bada, baliatu aukera. Eskaera egin nahi izanez gero, bidali emaila laborezain@laboreoarso.eus helbidera edo Dendan jakinarazi.
Eguraldiaren baitan maiatzeko aurreneko hamabostaldian beste deialdi bat egiteko moduan izan gaitezke baina orbururik gabe geratu nahi ez baduzue, badaezpada oraingo deialdian eskaera egitera animatu nahi zaituztegu. Dendarako dozena gutxi batzuk besterik ez ditugu ekarriko eta ohiko prezioan egongo dira salgai (kanpainan baino 1€ pasa garestiago), eskaeren bidez funtzionatzea lehenesten baitugu kanpainetan. Uzta jaso bezain pronto ekarriko digute Laborera, bazkideoi lurrak ematen dituen kalitatezko fruitu freskoak gozatzeko parada emanez.
Gogoratu kanpainetan parte hartuz, zuen erosketa konpromisoaren bitartez eskaera potoloak egiteko moduan izaten garela eta beraz, ekoizleei laguntzeko modu eraginkorrena dela, ekoizpenaren zati handi baten merkaturatzea bermatzen baitiogu ekoizleari aldez aurretik eta kontserba lantegiek ordaintzen diotena baino ordainsari nabarmen duinagoa bermatuz gainera.

Animatu eta egin zuen eskaerak!!


