Aurreratu genizuen moduan Oiartzun Burujaberen aterkipean garatu dugun Oiartzungo haragi-zirkuitu propioaren aurreneko proba pilotuaren harira, pozez beterik iragartzen dizuegu kanpaina abian dugula!! Amaitu da beraz, itxaronaldia.
Herriko haragia herrian bertan jatea garrantzitsua iruditzen zaigu baina haragi horrek bermeak izatea nahi dugunez, gizentzeko prozesun jarraitu beharreko joku-arauak adostu genituen abeltzainekin, tartean gizentzeko emango dieten pentsua (zereal ekologiko eta transgenikorik gabea izango dena), hormona externo eta antibiotikorik gabe hazia, tratu ona jaso duena, etab. Laboreren berme guztia duen haragia izango da.
Abeltzainek gizenduko dituzten txekorren truke merkatu librearen espekulaziorako joeratik aldendu eta ordainsari duin eta egonkorra eskura dezaten, prezioa adostu dugu. Prezioa kiloko finkatuko da eta beti ere aberea gizentzeko abeltzainak izandako kostuak kontutan izanda baina baita baserritarrei irabazi txukuna ahalbidetuko diena ere.
Aurreneko proba pilotua egitera animatu den abeltzaina Oiantzabal Baserriko Julen Irastorza da. Laborek hartu du berari urtearen azpiko denbora duen Pirenaika arrazako urruxa bizirik erosi eta transformatu eta merkaturatzeko ardura.

Ostiralean esango digute zehazki zenbat lote eskuratu ahal izango dituzuen baina 15-20 artean izango direla aurreikusten dugu. Ahalik eta herritar gehienek loteak eskuratzeko aukera izan dezazuen, 5kg-ko loteen eskaintza egiten dizuegu, oraingo honetan ezingo dira 10kg-ko loteak eskatu. Otsaileko buletinean esan bezala, herri-proiektua izanik, herritar orok eskuratu ahal izango du Oiartzungo haragia baina eskaerak jasotzen ditugun ordenean joango gara loteak erreserbatzen eta bazkideek izango duzue lehentasuna beraz, interesa baduzue, bizkor ibili.
Haragi freskoa jarriko dugu zuen eskura, hutsean ontziratua eta etxe bakoitzeko ohituren arabera norberak erabaki ahal izango du ondoren etxean zer eta nola izoztu. Loteetara bideratzen ez den haragia izoztu egingo dugu (azpizuna, tripakiak, masailak, hezurrak, gibela, pikadilloa, albondigak, hanburgesak, etab.), horrela 6 hilabeteko iraungitze data izango baitu eta denboran zehar herriko haragia eskaintzeko aukera emango baitigu. Dagoeneko herriko haragiarentzat Dendan izozkailu berria jarri dugu.

Esan bezala, urruxaren haragia 5kg-ko loteetan eskuratu ahal izango duzue eta honako haragi mota bakoitzetik pakete bat jasoko duzue:
– Txuleta
– Sahieskia
– Xerrak extra
– Xerrak 1ª
– Xerrak 2ª
– Zankarroia (salda egiteko)
– Gisatzeko haragia
– Haragi xehetua
5kg-ko lotea: 90€
ESKAERAK egiteko azken eguna: MARTXOAK 9, astelehena.
JASOTZEKO: MARTXOAREN 11an, asteazkena, goizetik aurrera.
Loteetara bideratzen ez dugun haragia, martxoaren 13tik aurrera, ostirala, izango duzue eskuragai, nahieran, gure dendan. Hutsean ontziratua eta izoztuta etorriko dira honakoak: masailak, isatsa, tripakiak, saldarako hezurrak, pikadiloa, hanburgesak, albondiga, azpizuna, entrekula, mingaina, txuletak eta gibela. Gure desioa da ahalik eta herritar gehienok haragi bikain hau dastatzeko aukera izatea.
Hurrengo kanpaina maiatzaren hasieran egiteko asmoa dugula ere aurreratzen dizuegu.
Gaurkoan Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan gara Oiartzungo haragi-zirkuitu propioaren inguruan solasean, proiektuaren xehetasun guztien berri izateko ez galdu elkarrizketa.

Egin dezagun elikadura burujabetzaren alde eta babestu dezagun abeltzainei eskaeratik elkarlanean herritik eta herriarentzat sortutako iraultza txiki hau. Zortedunak sentitzen gara bidelagun berriak topatu ditugulako kontsumo-kultura berria sortzeko bidean. Proba pilotu honen emaitzek baldintzatuko dute hemendik aurrerako bidea.
Eskaera egin nahi izanez gero, bidali emaila laborezain@laboreoarso.eus helbidera edo Dendan jakinarazi.
Animatu!!


