Ibon Intxaurrandieta bazkidea 1. sektoreko proiektua abiatzera animatu da. Kontatu digunez, berez kaletarra da, lurrik gabekoa, baina familian landagunearekin lotutako proiektu bat gauzatzeko ametsa zuen. Ametsak egi bihurtzeko daudenez, duela ja 3 urte aurkeztu zuen arrautza ekologikoak ekoizteko proiektua eta Urrullon (Lezo) esleitu zioten lurra. Aste batzuk besterik ez dira pasa oiloak jaso zituztenetik eta pixkanaka egokitzen ari dira bizitoki berrira, arrautzak ere gero eta handiagoak jartzen dituztela esan digu.
Aitortu digu ez dela erraza horrelako proiektu bat martxan jartzea baina bide luzearen ondoren maitasunez eta mimoz lortutako produktua dendako apalean ikustean, borrokak merezi izan duelaz konturatzen zarela. Arrautzen ekoizpena momentuz orain arteko lanarekin uztartzen badu ere, asmoa egunen batean honetatik bizi ahal izatearekin amesten du.
Aste honetan etorri da Ibon lehen arrautza dozenak ekartzera eta oso harrera ona izaten ari da zuen artean. Bere konbentzimendu eta ilusioa ikusita harro eta pozik sentitu gara horrelako proiektu batean bidelagun izateagatik eta zuen guztioi Urrulloko arrautzak eskaintzeko aukera izateagatik. Horixe baita Laboreren bokazioa, txikitasunetik, modu duinean eta zuzeneko harremanen bidez bestelako kontsumo kultura bat sortzeko eragitea.
Printzipioz astelehenero ekarriko dizkigu baina, aste honetan bezala, aurretik agortuko balira, beste egunen batean ere pasako da gehiago ekartzera. Jaso bezain pronto ekartzen dizkigu bertatik bertara. Probatzera animatzen zaituztegu! Horixe baita Urrullo arrautza ekologikoen proiektua babesteko modurik onena.
Gure asmoa orain arte eskaintzen genizkizuen Oiartzungo Peluaga Zaharreko arrautza ekologikoak ere eskaintzen jarraitzea da, bien artean aukeratu ahal izango duzue beraz. Urrullokoak zertxobait garestixeagoak dira, hasierako inbertsioa errekuperatzeko beharrak bultzatuta.
Bide oparoa desio dizugu Ibon!! Ongi etorri Laboreko ekoizleen familiara!!