facebook instagram youtube
  • Getariako Ondu ahuakateak

    2022an Eguzkitza baserrian sasiak janda zituen hainbat lursail biziberritu eta aguakateondoak landatuta nekazaritzara bideratutako proiektu berri bati ekitea bururatu zitzaien Ezkurtxerriko Agurtzane eta bere bidelagun Asierri. Amets hori egikarituta ari dira familiako lurretan jarritako 800 landare zaintzen, guri elikagai jasangarriak eskaintzeko, Ondu Getariko aguakateak zigilupean. Eguteran dituzte aguakateondoak, maldan, Izarraitz mendilerroa parez pare izanik itsasoko brisa ere jasoaz. Berotasun eta gazitasun horren emaitza dira fruitu bikain hauek.

    Naturaren erritmoak zainduta eta teknika eta substantzia kimikorik erabili gabe ekoizten dituzte.

    Asko pozten gaitu gure ekoizleek 1. sektoreko proiektuak martxan jartzeak eta plazerra da haien bidelagun eta konplize izatea. Ibilbide oparoa desio diegu.

    Laboren dagoeneko salgai ditugu Getariko Ondu aguakateen aurreneko aleak eta, ez soilik itxura, zaporea ere bikaina dute. Dastatu eta esango diguzue. Eskerrik asko bikote horrelako fruta bikaina eskuratzeko aukera emateagatik!!