Ez galdu aurtengo Oiartzungo Kirol-Astearen baitan antolatu dugun solasaldia. Kirola, expedizioak, abentura-bidaiak, emakume izatearen kontzientzia, bidean topatutako oztopoak, aurrez finkatutako arauak hausteak ematen duen askatasuna, norbere ametsen alde bidea urratzeko ausardia, ahalduntzea,… izango ditugu hizketagai luxuzko gonbidatuekin. Batetik, Nekane Urkia oiartzuarra eta Arantxa Orbegozo tolosarra etorriko zaizkigu, biak a la biak Nairobitarra taldearekin abentura-bidaia ugari egindakoak eta Arantxa pertika-jauzian ere ibilia eta emakumezko txirrindularitzan aitzindaria izana da. Trini Cornellana ere gurean izango da, jaiotzez kataluniarra den arren, aspaldian Oiartzunen bizi den Laborezaina eta alpinista dugu.
Hiruak bere garaian aitzindariak izandako emakume kirolari eta abenturazaleak dira eta garai bateko zein gaur eguneko kontuez hitz egitera etorriko zaizkigu. Aurtengo hitzorduan emakumeek izango dute protagonismoa, itzaletik argira atera eta kontatzeko eta partekatzeko dituzten istorioak entzun nahi baititugu.