facebook instagram youtube
  • Elikagai eskegiak eskutik eskura

    Elikagai eskegientzat leku berezia atondu dugu Dendan; Elkartasun Txokoa izena eman diogu eta esne eta olioen arteko apalategian kokatuta dago. Ariketari ikusgarritasun handiagoa emateko aukera ematen digu, nahasteak ekiditeko lagungarria da, txukunagoa geratzen da Dendaren antolaketa, utzi nahi duenarentzat lagungarria da zertan ekarpena egin erabakitzeko eta hartzeko beharra duenari ere erreparo gutxiago eman diezaioke ikusita zenbat elikagai eskegi dagoen.

    Hasierako asteetan ariketaren martxa ikusita zailtasunak eta hobekuntzak identifikatu eta aldaketak egiten joan gara. Batetik, hasiera batean gogoratuko zarete nola Denda osoan zehar apal desberdinetan barreiatuta zeuden elikagai eskegiak eta orain guztiak leku berean kokatu ditugu. Bestetik, oinarrizko elikagaietaz gain, Dendako produktu guztietara zabaldu dugu ariketa; pentsatuz akaso Laboren erosi ala ez erabakitzeko zalantzak bestelako produktuetan sor daitezkeela.

    Ariketa abiatu dugunetik ohartu gara, ohituagoak gaudela ematera hartzera baino, gehienok pentsatzen baitugu gu baino behar larriagoa duenik egongo dela. Baina ariketa ez da soilik oinarrizkoak eskuratzeko ahalmenaren arabera planteatzen baizik eta gure etxeko erosketa guztia Laboren egiten ez dugun kasuetarako ere pentsatuta dago. Ateratzen dugun ondorioa hartzen ere ikasi behar dugula da, ariketa baliagarria izango bada, bi norantzetan funtzionatu beharko baitu. Beraz, ondorengo hilabeteetan hartu-eman, eman eta hartu ideiaren inguruko pedagogia egiten ahaleginduko gara.

    Gure asmoa sarreran dugun sandwitxean astero dauden elikagai eskegi kopuruen informazioa ematea da, guztiok jakitun izan gaitezen, eta ariketa baliatu dezagun behar dugunean lasai asko hartzeko eta ahal eta nahi dugunean uzteko. Ni ez naiz zertan beti hartzaile ala emaile izan, gaur hartzaile izan naiteke eta aurrerago emaile ala ez baina ulertu beharko genuke hartu-emanak ez direla zertan monetarioak izan.

    Elkar zain gaitezen komunitatean!!