facebook instagram youtube

Soronea Baserria

Miriam eta Igone Saldias ahizpek baserriari eta familiako proiektuari eusteko apustua egin dute. Berrobiko Soronea baserrian barazkiak ekoizten dituzte eredu ekologikoan, eta Tolosako Soronea dendan saltzen, modu zuzenean. Haien aiton-amonek esne behiak zituzten, baina duela 30 urte inguru, osabak baserriko erreleboa hartu zuen eta baratzean hasi zen, ekologikoan. Barazkiak prezio duinean saltzeko asmoz eta eredu ekologikoan zuen konbentzimenduagatik, denda irekitzeko apostua egin zuen Iñaki Uranga osabak Izaskun eta Maribi arrebekin batera. Gaur egun, bi ilobak batu dira familiako proiektura.

Hasieran, barazkiak inguruko azoketan eta euren denda propioaz gain, Laborera ere ekartzen dizkigute, bezperan prestatutakoak, ezin freskoagoak. Aurten, gainera, oilotegia ere martxan jarri dute eta euren, arrautzak saltzen ari dira.

Duela hiru urte sartu ziren Saldias ahizpak familiako proiektuan eta naturarekin zuten harremana erabat aldatu zaie baratzean hasi zirenetik. Kontatu digutenez, oso polita izan da gazteek nahiko galdua duten harreman hori berreskuratzea. Biodibertsitatea eta ingurua zainduz bide egokia topatu dutelakoan daude. Hasieran, baratzean nahiz dendan, bi tokietan aritzen ziren, baina, orain, lanak banatuxeagoak dituzte: Miriam aritzen da baratzean eta banaketak egiten beste langile batekin batera.

Urteotako ibilbideari begiratuta, gauzak pixkanaka hobera doazela pentsatzen dute gaur egun gehiago baloratzen da produktu ekologikoa, bertakoa… garrantzi gehiago ematen zaio nork eta nola ekoitzi duen jakiteari.

Produktuak

  • Arrautzak
  • Barazkiak