BALOREAK | Elikadura-sistema jasangarrian eta bertako zein garaian garaiko produktuetan oinarritzen da Labore Oarsoren eskaintza oparoa. Kontsumo osasuntsuaren eta arduratsuaren alde eginez, gure komunitatea eta ingurumena zaintzen ditugu eta tokiko ekonomia zuzena sustatzen dugu, euskaratik eta euskaraz gainera. Irabazi asmorik gabe, bazkideen auzolanean topatzen du Laborek aurrera egiteko babesa. Ekoizle txikiek beraiek jartzen diote prezio justua egindako lanari, lan-baldintza duinak izan ditzaten eta, aldi berean, elikagai osasuntsuak ez daitezen luxua izan, eskubide baizik.
BERTAKOA | Bertako produktu osasuntsuen aldeko apustua egiten dugu, zero kilometro filosofiari jarraiki ekonomia lokala suspertu eta ingurumenean dugun inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin saiatuz. Gure komunitateak kontsumo eredu arduratsuan sinesten du eta tokiko garapena bultzatzeko lan egiten du. Oarsoaldeko ekoizleen produktuak dira gure oinarria eta produktu bat gure eskualdetik at baino ezin denean eskuratu, ahalik eta gertukoena bilatzen dugu. Horretarako dago produktu-taldea.
OSASUNGARRIA | Nekazaritza agroekologikoa ipar, gure gorputzak eta lurrak zaintzen ditugu. Gehigarririk gabeko eta sasoian sasoiko produktuekin egiten dugu lan. Osasuntsu elikatu ahal izatea denon eskubidea dela ulertzen dugu. Produktu ekologikoak eta konbentzioanalak eskaintzen ditugu, ekologikoak ez izan arren, osasuntsuak direnaren ziurtasuna izanik eta ekoizleak agroekologiarantz bidea egin dezaten bultzatuz. Dendan produktuen inguruko informazio gardena eskaintzen dugu (ekologikoa den ala ez, zuzenean ekoizleari erosia den ala bitartekari baten bidez eskuratu dugun, jatorria, zenbat kilometrora dagoen ekoizlea, prezioaren banaketa ekoizlearen eta gure artean, etab.).
JUSTUA | Laboreko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana orekatua da. Irabazi asmorik gabeko egitasmoa izanik, prezioak justuak dira ekoizleentzat (lan- eta bizi-baldintza duinak ahalbidetzen dizkie), eta arrazoizkoak kontsumitzaileentzat.
ELKAR ZAINTZA | Auzolana eta elkar zaintza dira lanerako gure bi filosofiak. Ekoizleek, bazkideek eta langileek osatzen dugu Labore komunitatea eta guztion artean pentsatu, eraiki eta erabakitzen dugu. Ez dago kalitateaz hitz egiterik zaintza kontuan hartu gabe; inguruko ekoizleena, produktuarena, bazkideena, ingurumenarena, euskararena eta gizartearena.
KONTSUMO KULTURA BERRIA | Egungo kontsumo eredua iraultzea da gure asmoa eta horretarako lan pedagogikoa egiten saiatzen gara gure lan-ildoak diren gaietan: osasuna, ingurumena, ekonomia soziala, ekologia, etab. Horretarako barne zein kanpo komunikazio kanalez gain, kontzientziazio kanpaina bereziak ere egiten ditugu. Gainera, dendan bertan dugun sukaldea aitzakiatzat hartuta, ekoizleen aurkezpenak, sukaldaritzako ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, talde dinamikak, etab. antolatzen ditugu. Ekimen hauekin ere komunitatea egin nahi dugu, gure arteko ezagutza eta harremanak sustatuz, familia handi bat osatzen baitugu. Oinarri hauek garatu eta praktikara eramateko, etxetzat dugun denda kooperatiboa kudeatzen dugu, Oiartzunen.
Labore Oarso ez da denda soil bat, Dendan bertan dugun sukaldea aitzakiatzat hartuta ekoizleen aurkezpenak, sukaldaritzako ikastaroak, gai desberdinen inguruko tailerrak, hitzaldiak, talde dinamikak, etab. antolatzen ditugu.