Biziola irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatiba bat da. Goierri eskualdeko herritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretu nahi dituena. Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean proiektu zehatzak martxan jartzeko.
Biziola sareak bi urte eta erdiko ibilbidea du. Bizitza erdigunean jarri eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatu nahi duen sarea da. Biziola (Bizitzaren Fabrika) du izena. Joan den urtarrilaren 21ean jauzi kualitatiboa eman zuen saretik haratago: kooperatibaren sorrera iragarri zen eta Fabrikako ateak zabaldu zitzaizkien goierritarrei. 130 pertsona inguru bildu ziren, eta epe laburreko erronkak eta lorpenak aurkeztu ziren. Maiatzaren 14a dute hurrengo jomuga. Orduan egingo baita kooperatibaren batzar eratzailea, eta, ordurako, 500 bazkideen muga gainditu nahi da. Zertarako 500? Biziola fabrika abian jartzeko baliabideak biltzeko eta bizitzaren oinarrizko beharrei erantzungo dien espazioa sustatzeko. Goierri Ekonomia Sozial Eraldatzailearen balioen arabera eraldatzeko gunea.
Bideo honetan duzue Goierriko Hitzako lagunek egineko irekiera egunaren laburpen dotorea.
Eta honako loturan, aldiz, Argian gaiaren inguruan argitaratutako erreportajea.
Neurri batean bidelagunak izan gara eta oso pozik gaude fase berri batean murgildu eta aurrera doazelako. Aupa zuek!! Zorterik onena opa diegu!!