Joan den astean Laboren izan genituen Berbelar gazta artisauak ekoizten dituen Xabi eta Ageri sagardoaren atzean dauden Munduatetar anai-arrebak. Arratsalde ederra pasa genuen bapo jan eta edanez eta ekoizleen azalpenak adi entzunez.
Xabierrek behi-gazta ekologiko finduak egiten ditu Aian alokatua duen gaztandegian Larretaren esnea lehengai gisa erabilita. Polita da guretzat gure ekoizle txikien artean lankidetzak ere sortzen direla ikustea, dudarik gabe kapitalismoaz haratagoko balioen arabera ari baitira lanean. Duela pare bat urte bizitza aldaketa egiteko nahiari jarraituz, lehen sektoretik bizitzeko apustua egin zuen Xabierrek. Arantzazuko artzain eskolan ikasketak egin eta Euskal Herriko zein Kataluniako gaztandegi ugaritan lanean aritu da bere proiektua zehaztu arte.
Ba al dakizu zer diren gazta finduak? Bada, azala ere lantzean datza. Propietate desberdinak eransten dizkio gaztari azalaren bidez eta baita balio erantsia ere. Baditu kardu-belarrarekin, garagardo beltzarekin, patxaranarekin, onddo zuriekin afinatuak,… Hori dela eta, azala ere jatea gomendatzen da. Gazta mota bakoitzari ere eman dion izenak badu bere istorioa atzean, gustora entzun genituen azalpenak.
Sagardoari dagokionez, Iratik kontatu zigunez dagoeneko merkatuan ez dauden sagardoak eskaintzeko ahaleginean ari dira. Momentuz sagardogintzatik bizi ez direnez, gauza berriak probatzeko ausardia eta askatasunarekin ari dira lanean. Bi sagardo mota desberdin ekarri zizkiguten probatzeko, bata suabeagoa sagar berdeekin egina eta bestea berriz, gorputz handixeagoarekin. Hiru anai-arreben helburua, orain arte etxerako soilik ekoizten zuten sagardoaren ekoizpena handitzea da, Jaizkibelen magalean dituzten lau hektarea pasako sagarrondoetatik. Sagardo naturala da ekoizten dutena eta elaborazioan soilik haien sagar propioak erabiltzen dituzte. Etiketa ere haiek diseinatu dute eta bertan, haien nortasuna islatzen saiatu dira.
Polita eta aldi berean erabat beharrezkoa iruditzen zaigu kontsumitzaileok ekoizleengana gerturatzea, haien proiektuak ezagutu eta aurpegia jartzeko. Laborezainen artean hitzorduak interesa piztu zuela ikusteak asko poztu gintuen, horrelako aurkezpenetara orain arte gerturatu gabeak etorri baitziren, hitzordurik galtzen ez duten Laborezainekin batera. Guztira 20 bat lagun elkartu ginen eta denon artean erabaki genuen Xabik ekoizten dituen gazta guztietatik zein eskuratu Laboren salgai jartzeko. Aukeraketa zaila izan zenez, momentuz modu iraunkorrean hiru gaztarekin aurrera egitea erabaki genuen eta puntualki gazta desberdinak ere eskainiko dizkizuegu, hilabetearen arabera aldatuz.
Hemen duzue dastaketa eguneko argazki galeria: