Rakelek eginiko artilezko zapatila eta plantilak ere dagoeneko eskuragai dituzue, neguan gure oinak goxatzeko.
%100ean gertuko Latxa artile birjinarekin eginak dira, tinte eta koloranterik gabe eta zola egiteko kautxu naturala darabil. Bi modeloren artean aukeratu ahal izango duzue: itxiak eta irekiak.
Artileak garrantzi handia izan du Euskal Herriko ekonomian. Lehengai horrekin egin izan dira denbora luzez eguneroko hainbat gauza: Koltxoiak, burukoak, arropa, tapakiak, alfonbrak…
Gaur egun ordea, material berriek ordezkatu dute, petroliotik eratorritakoak eta globalizazioak emandakoak, eta horrek ingurumen-hondamendiak eragiten ditu, baita garraioaren, baliabide naturalen eta giza baliabideen gehiegizko esplotazioa ere. Material modernoak, ikusgarriak eta merkeak dira, baina gure osasunarentzat, ingurumenarentzat eta etorkizunarentzat kaltegarriak.
Material sintetiko berriengatik, gure artzainentzat arazo bihurtu da artilea, zabortegietan edo erreta amaitzen du, ingurumen-arazo handia sortuaz.
Artilea Mundura proiektuaren helburua irizpide jasangarrietan oinarrituta ustiatzen diren bertako ardi-arrazen artilearen erabilera berreskuratzea eta sustatzea da. Era berean, produktuak material natural eta osasuntsuago batekin egin daitezkeela erakustea eta kontzientzia sortzea. Horrela, zabortegietan amaitzen duten artile toneladei irteera ematea eta artzainei trukean ordaintzea lortzen da.
Rakelen artilezko zapatilek zale fidelak dituzte, ez badituzu oraindik ezagutzen zatoz ikusi eta probatzera!






