Hunkigarria izan da benetan gaur eguerdian Oiartzungo Pleno Aretoan egin dugun aurtengo Amalur sarien ekitaldia. Amets Ladislaok eman dio sari-banaketari kontestua Emakume Baserritarren gogoeten bidez.
Ametsek argi esan du eredu agroekologikoa dela dugun itxaropen bakarra bizirauteko eta egungo eredua iraultzeko,ekoizpen txikia, justua eta anitza. 90. hamarkadako industrializazioan emakumeek zuten gizarteratzeari esker iraun du gaur egun arte eredu agroekologikoak. Arantxa belaunaldi hortako emakumea dugu. Bizitza bat baratzea horixe Arantxa laburbiltzeko hiru hitz.
Irribarreak, malkoak, barre-algarak,… denetik izan ditugu ordubeteko saioan, baina poztasuna eta harrotasuna sentitu ditugu Arantxa bezalako pertsona xume eta langileari merezitako omenaldia egitera bildu garenok. Sentitua izan da benetan aitortza. Baietz hunkitu zeu ere Elikako kideen mezuak!!
Saioari amaiera emateko ekitaldian kantatu ditugun bertsoek ongi islatzen dute omendu nahi izan duguna:
Emakumea ta lurra
konbinazio xamurra
emankortasun hortatik dator
daukagun apurra.
Hartuko dugu ardura
burujabetza gailurra
zuk erakutsi diguzu nola
dantzatu atxurra.
————————————————————————-
Bihotz bat eta bi esku,
beti lanerako prestu,
irribarre ta hitz goxoekin
emateko gertu.
Komunitatea estu
zure baitara babestu
Arantxa baino hazi hoberik
gure lurrak ez du!!!
(Mendian gora haritzaren doinuan)
Hemen duzue omenaldian zehar ateratako argazkien bilduma:
Eskualdeko hedabideetan oihartzuna izan zuen martxoaren hasieran eman genuen Amalur Sariak eta aurretik Amets Ladislaok emaniko hitzaldiak. Ez galdu honako erreportaje hau.
Eskerrik asko aurtengo edizioa prestatzen aritu zareten Laborezain bolondres guztiei!!