facebook instagram youtube
  • Abian dugu Elikagai eskegiak elkartasun ariketa

    Azken hilabeteetan bizitza ederki garestitu zaigun honetan Labore Oarson inor ez genuke atzean utzi nahi, osasuntsu elikatzea eskubidea dela aldarrikatzen baitugu. Abiapuntu horretatik eta gure komunitatea indartzeko asmoz, joan den larunbatetik abian dugu Elikagai eskegiak elkartasun ariketa. Hartu eta eman, eman eta hartu, Laboreko komunitateari ekarpena egiteko modu asko daude, bakoitzak duenetik eta ahal duenetik (denbora, jakintza, babesa, ideiak, harreman sozialak, etab.). Aurrerantzea elkar zaintza indartzeko asmoz, ekarpen horiez gain, bazkideok elikagai eskegien borondatezko ariketan parte hartzeko aukera ere izango dugu.

    Elikagai eskegien ideiak jatorria Napolesen du. Bertan nahiko ohikoa da kafetegi edo taberna batera joan eta bi kafe ordaindu eta bakarra edatea, bestea eskegita utzita, egoera ekonomiko zaurgarriagoan dagoen norbaitek aukera balia dezan. Frantzian ogi barrekin egin izan da. Ekimena geurera ekartzea proposatu du Konplizeen Azpi-Batzordeak.

    Ariketa sinplea da: gure erosketa egitean, etxerako duguna eta eskegi gisa utzi nahi duguna kaxatik pasa eta ordaindu egingo dugu. Eskegi gisa utzi nahi duguna zer den esango diogu Dendariari  eta hark pegatina bat emango digu. Pegatina bazkideok jarriko dugu eta produktua dagokion apalera itzuliko dugu. Gure atzetik erosketa egitera doan bazkideak, eskegitako produktuak hartu ahal izango ditu beharraren arabera eta erabateko konfiantzan. Produktu eskegiak eta eskegi ez direnak harrerako mahai gainera aterako ditu baina Dendariak pegatina duten produktu horiek ez ditu kobratuko. 

    Badakigu gure bazkideen artean ere badirela erosketa neurtzen duten familiak, zenbait produktu beste nonbait erosteko hautua egiten dutenak, horiei begira ere bada elkartasun keinu hau.

    Ariketa esperimentala da, guk dakigula hemen inguruan ez da beste inongo dendan egiten. Momentuz modu honetan abiatuko dugu ariketa eta erabiltzaile/bazkideen erantzunaren arabera egokitzen joango gara.

    Momentuz harrera ona ari da izaten eta dagoeneko elikagai eskegi ugari ditugu behar duenarentzat eskuragarri. Gaur zu izan zaitezke hartzaile eta beste egun batean emaile, hilabete guztiak ez baitira berdinak. Akaso ematera ohituagoak gaude eta hartzen ere ikasi beharko dugu.

    Urratu ditzagun elkar zaintzarako bide berriak!!