facebook instagram youtube
  • Argiaren udazkeneko uzta

    Argiako lagunek, udazkenero bezala, uzta oparoa dute eskuartean. Momentuz Onintza Enbeitak lurrari emandako andre bati buruz argitaratu duen liburua, Jakoba Errekondoren ilargia eta landareak agenda eta erraldoi eta buruhandietan girotutako karta-jokoa ekarri dizkigute.

    “Bizitza baten txatalak: andre bat lurrari emana” liburua

    Onintza Enbeitak ARGIArekin kaleratu duen “”Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana” liburua eskuragai duzue gurean eta azaroaren 27an gurean izango da liburua aurkezten.

    Hamabi gaineko eta hamabi azpiko izan ziren Feli Madariagaren arreoa. Haiek hartuta joan zen Muxikako Igertu baserrira. Hortik aurrera bizitza ederra eraiki zuen Julian Gabikaetxebarria senarrarekin eta bien artean izan zituzten hiru alabekin. Laurogeita hamar urtetik gora, oraindik ere hezurrek uzten diotenean jorran egitera joaten da ortura. Baserriko lana gogorra omen da, baina lurrak bizitzeko behar izan duen guztia eman dio Feliri. Gure amonen, birramonen edo gure amen bizimodua kontatzen da hemen andre baten ahotan. Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe.

    Ilargia eta landareak agenda

    Ilargiaren araberako urte guztiko lanak, astero nola egin baratzean, fruitu arboletan, lorategian eta basoan: noiz eta zer erein, zer landatu,nola inausi,nola tratatu, zer uzta jaso, nola txertatu…

    Bederatzigarren urtez, Jakoba Errekondoren urteetako jakintza eta esperimentazioa topatuko dituzu, zehaztasunez eta mimoz egindako lan honetan.Antton Olariagarenak dira azala eta barruan dauden fruitu arbolei buruzko hamairu lamina ikusgarriak.

    Erraldoi eta buruhandien karta jokoa

    7 familia, erraldoi eta buruhandiak protagonista. Euskal Herri guztitik etorritakoak: Sanferminetako familia, familia mitologikoa, buruhandien familia, lanbideen familia, pertsonaia ezagunen familia, kirolarien familia eta “Abentura Erraldoia” ipuin-bildumaren familia.

    Gozamen erraldoirako pentsaturiko kartak!

    Datozen asteetan nobedade gehiago eskuratzen joango gara. Baliatu aukera!!