facebook instagram youtube
  • Percy filmaren emanaldi esperantzagarria

    Joan den ostegunean Percy filma proiektatu ahal izan genuen Landetxen. 70 lagun inguru bertaratu ziren Kanadako Percy koltza ekoizleak Monsantoren aurka abiatutako auzi judizialean girotutako filma ikustera.

    Mundu mailan Monsantok nekazari txiki andanari belar txar eta harrapatzen duen landaredi guztia suntsitzen duen ongarri kimikoak (stand up) eta fertilizante honekiko erresistenteak diren hazi transgenikoak saltzen dizkie. Sekulako morrontza sortuz eta nekazarien osasunaren kontura inolako eskrupulurik gabe negozio biribila eginez.

    Genetikoki modifikatuak dauden hazien 2. belaunaldia antzua dela badakizu? Sarritan nekazariak zorpetu egiten dira hazi hauek eta ongarri kimikoak erosteko eta Indian adibidez nekazari askok bere buruaz beste egiten dute, hazi hauek eragindako txikizioa eta morrontzak eraginda.

    Benetako gertaeretan oinarritutako filmak gure txikitasunaz jabetu arren, kausa justuen alde borrokatzeak merezi duela erakusten du, nahiz eta sistemaren aurka joan eta ingurukoen babesa galdu, dena ongi lotuta baitago irtenbiderik ez dagoela pentsa dezagun. Percyren borroka eredugarriari esker gari transgenikoa Europan merkaturatzea galarazi zuen auzitegiak, Monsantorentzat sekulako kolpea suposatuz.

    Proiekziora etortzerik izan ez zenutenoi filma ikustea gomendatzen dizuegu, plataformetan aurki dezakezue.

    Ez ahaztu sekula jende txikiak leku txikietan gauza txikiak eginez mundua alda dezakegula!!