facebook instagram youtube
  • Paorra baserriko ahabi ekologikoak

    Aian kokatutako Paorra baserrian Irati eta Aitor anai-arrebek eta Lucasek estreinakoz ekoitzitako ahabi ekologikoak eskaintzen hasi gara. Zapore bikaina dute!! Gipuzkoan ahabi ekoizle gutxi daudenez urratsa ematera animatu dira. Familiako baserri eta terrenoak baliatuz, ahabiez gain, sasi ardiak eta ahuntzak ere hazten dituzte. Duela 5 urte hasi ziren lanean. Lehenik baserria landetxe bihurtu zuten, duela hiru urte berriz, ahabiondoak landatu eta abereak erosi zituzten. Aurtengoa dute aurreneko uzta. Enkarguz arkumea eta antxumea ere saltzen dutela kontatu digute.

    Duke, Chandler eta Ozarkblue barietateak lantzen dituzte. Barietate bakoitzaren ezaugarriak honakoak dira:

    DUKE: bere fruituaren kalitateagatik ezaguna da, baita bere zapore goxoagatik ere. Tamaina handiko fruituak ematen ditu eta bere uztaren bilketak ekaina erdialdetik uztailak erdialdera arte irauten du.

    CHANDLER: merkatuan topatu daitekeen fruta handienetakoa emateagatik, zapore oso goxoa izateagatik eta kontserbarako oso ezaugarri onak izateagatik da ezaguna da. Uztaren bilketak ekaina amaieratik uztaila amaiera arte irauten du.

    OZARKBLUE: bere fruitu urdin argi eta handiengatik nabarmentzen da, zapore goxoa dutenak. Uztaren bilketak uztaila amaieratik abuztu erdira arte irautenĀ  du.

    Bidea urratuz pixkanaka ari dira ikasten. Atxineta baserriko Igorrekin oso eskertuta daude haiekin partekatu baitzituen bere ezagutzak. Dakizuen moduan Atxinetan eginiko ahabi mermelada Laboren eskuragai duzue duela urte batzuetatik.