Larunbat honetan, MARTXOAK 2, izango dugu 2024ko AMALUR SARIAren banaketa. Aurten MIRENE BEGIRISTAIN ZUBILLAGA omendu nahi dugu elikadura-burujabetzaren bidean mundu akademikotik ez ezik praktikatik beretik ere egiten ari den lan eskergagatik. Emakumeen ekarpena baliotan jarri eta lehen lerrora ekartzeko beste proposamen bat dakarkizuegu. Mirenek orain arteko ibilbidean ateratako ondorioak partekatuko ditu gurekin. Hitzordua herri mailan AMILLUBI PROIEKTUAren aurkezpena egiteko ere baliatuko dugu.
Amillubi azaltzera proiektuko Talde Eragileko kideak bertaratuko zaizkigu. Sarritan lehenengo sektoreari buruz hitz egiten dugunean ikuspegi ezkor batetik egiten da: nekazariak falta direla, ez dagoela lur nahikorik, ez dagoela erreleborik, etab. Amillubiren bitartez, ordea, egoera praktikatik iraultzeko asmoa dago; aldarrikapenaz haratago inorren zain egon gabe kolektiboki alternatiba sortzeko. Hego Lurzaindia izateko bokazioa ere badu. Ilusioa pizten duen proiektu handinahi honen ertz guztiak ezagutzeko Oiartzungo Udaletxeko Areto Nagusian Eskualde mailan egingo dugun aurkezpenera bertaratzea duzue onena. Larunbat honetan hiruhilabete honetako herriko ekoizleek HemenGuk azoka ere egingo dutela baliatuz, aurkezpenaren osagarri Amillubiko kideek ere postutxoa izango dute.
Amillubiren aurkezpenaren ostean, Mirene Begiristainen txanda izango da. Elikadura burujabetzaren bidean ikasitakoa, ateratako ondorioak, egindako hausnarketak, etorkizuneko nekazaritzaren irudikapenak, etab. partekatuko baititu gurekin. Mireneri buruz gauza asko esan daitezke (unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da; Biolur, EH Koletiboa, Amillubi, Talaia Feminista, etab.eko talde eragileetako kidea; fruta ekoizlea, etab.) baina elikadura burujabetzaren aldeko militante nekaezina dela esanda labur genezake. Gainera oso komunikatzaile ona denez, hitzartze labur bezain mamitsua izango dela aurreikusten dugu.
Aurkezpen eta hitzaldiaren ostean, omenaldiaren txanda izango da. Iazko omendu Arantxa Zapirainen eskutik jasoko du 2024ko Amalur Sariaren garaikurra, polita iruditzen zaigu sinbolikoki bizitza osoa nekazaritzari lotua daramanak bestelako eremuetatik nekazaritza agroekologikoaren alde ari denari saria ematea, nolabait bi norabideko hartu-emana irudikatuz.
Ondo gorde data eta zatoz!!