Argiak argitaratu berri dituen azken jolasak eskuragarri izango dituzue gurean datozen hilabetetan ere. Normalean, behin Eguberriak pasata, Oparien Txokoa erretiratu egiten dugu baina opari hauek etxeko txikienen hezkuntzan eragiteko tresna interesgarriak direnez, denboraldi batez Dendan salgai mantenduko ditugu. Pantailez eta bapateko estimuluez inguratuta gauden honetan etxekoekin kalitatezko denbora partekatzeko bikainak dira. Adinaren arabera aukera desberdinak daude: irakurtzen eta idazten ikasteko, istorioak asmatzeko zein hitz ezkutua asmatzekoa. Familian euskaraz jolastu, gozatu eta dibertitzeko!! Guk euskaraz bizitzeko hautua egunero egiten badugu ere, nahi den hizkuntzan jolasteko erabili daitezke.
Hauek dira jolasen ezaugarriak:
OTU KARTA-JOLASA
Zenbateraino egin dezake hegan zure irudimenak? Zenbateraino zara gauza ipuin-kontalari trebeenen mailan aritzeko? Bota kartak eta sortu istorioak! 70 karta, irudimena, hizkuntza, ahozkotasuna… ludikoki lantzeko, eta batez ere, disfrutatzeko eta gozatzeko.
Kartak nahastu, egoki ikusten duzun kopuru bat hartu, eta kartak buruz gora jarrita ikusi zein irudi egokitu zaizkizun. Astindu burua eta mihia eta sortu nahi duzun istorioa, nahi adina luzatu daitekeena.
JARIOKA. Asmatu hitz ezkutua… Kontuz hitz debekatuekin
Asmatu hitz ezkutua… Kontuz hitz debekatuekin!
Trebezia komunikatiboa, azkartasuna eta ezagutza biltzen dituen jolas dibertigarria. Gutxienez bi lagunez osatutako taldeetan, taldekideek ahalik eta hitz ezkutu gehien asmatzea da helburua, emandako denbora agortu baino lehen. Horretarako, taldeko kideetako batek pistak emango dizkie gainerakoei, baina debekatuta dauden hitzak ezingo ditu erabili.
Taldeka banatu eta asmatu ahalik eta hitz ezkutu gehien! Hasi Jarioka!
HIZKI PIZTI. Ikas dezagun irakurtzen eta idazten
Alfabetatze prozesua errazteko materiala, irakurtze eta idazketa prozesuan hizkien identifikazioa, lotura fonologikoa eta memoria garatzeko aproposak. Bai ikaskuntza-irakaskuntzan, bai etxeetan erabili daitekeena. Euskal Herriko faunaren ezagutza lantzearekin batera.
Bizitzako abentura zoragarri eta garrantzitsuenetakoa da irakurtzen eta idazten ikastea, eta bidaia hori modu ludiko eta dibertigarrian egiteko baliabide pedagogikoa duzu hauxe, bai hezkuntza arloan, bai norbere etxean erabiltzeko aproposa.
Kaxa barruan aurkituko dituzu:
- Karta handiak: Hizkia larriz eta xehez aurkezteko, animaliaren irudiari eta haren izenari lotuta.
- Karta txikiak: Umeek manipulatu, erabiltzeko eta jolasen bidez hitzak osatzeko.
- Laburpen-karta: Kontsultarako, animalia guztien irudiak, izenak, taldeak eta dagozkien hizkiak.
- Posterra: Animalia guztien bilduma, dagozkien hizkiekin aldamenean.
- Bideoak eta webgunea: Hizkien ahozkotasuna lantzeko, karta bakoitzari lotutako ipuin, kanta, olerki, bertso, kontakizun, aho-korapilo, esamolde eta antzerakoen ikus-entzunezkoak webgunean eskuragarri.
- Liburuxka eta jolasak: Materialaren argibideak emateaz gain, hainbat jolas proposatzen ditugu karta txikien bidez irakurketa eta idazketa lantzeko. Memoria, azkartasuna, arreta, irudimena, analisia, kooperazioa, hiztegia… garatzeko jolasak.