Oiartzungo Udalak, herriko janari ekoizleekin elkarlanean, bertako produktuak zein diren jakiteko euskarriak atera ditu. Udalak Oiartzungo lehen sektoreko ekoizleekin hainbat egitasmo martxan jarri ditu azken urteetan eta oraingoan herriko dendariekin elkarlana sustatu nahi dute herriko produktuen salmenta indartzeko asmoz.
Hain justu ere, herriko dendetan Oiartzungo produktuak salgai daudela adieraztea eta herritarrak horiek zeintzuk diren jakitea oso garrantzitsua da. Eta horretarako bereizgarri batzuk sortu dituzte. Sentsibilizatzeko modu bat da, tokiko ekonomia bultzatzeko, bertako produktuen salmentaren bidez.
Helburua Oiartzungo produktuei ikusgarritasuna ematea da. Guk ere eskuratu ditugu euskarriak eta astelehenetik dagoeneko kokatuta ditugu Dendan zehar. Badakizue eskaintzen ditugun produktu guztietan ekoizleari eta jatorriari buruzko informazioa eskaintzen dizuegula, bada, hemendik aurrera Oiartzungo elikagaiek aparteko identifikagarria ere izango dute. Denetik dugu: barazkiak, gazta, pasta, sagardoa, garagardoa, arrautzak, kombucha, ogia, kosmetika,… Gainera badugu herriko ekoizleen elikagaiekin eskaintza zabaltzen jarraitzeko asmoa ere.
Hemen duzue HemenGuk identifikagarriaren informazio gehigarria: https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/03/03/hemenguk-bereizgarria-izango-dute-herrian-ekoitzitako-jakiek/