Abian dugu Eguberrietako arkume ekologikoaren kanpaina. Aurten bi aukera izango dituzue eskura: batetik, Hernaniko Telleri Zahar baserrikoa eta bestetik, Zuberoako Paxkoteia etxaldekoa. Irizpide desberdinen baitan aukeratu ahal izango duzue: gertutasuna, lurraldetasuna, eskatu nahi duzuen kantitatea, arkumearen tamaina, eskaera egiteko epeak, entrega eguna, etab.
Batetik, aurten estreinakoz Hernaniko Telleri Zahar baserriko arkumea eskuratu ahal izango duzue. Ezinbestean osoa eskatu behar da eta 6-7,5kg arteko pisua dute. Eskaerak datorren astelehenera arte, abenduak 12, egin ditzakezue eta 23an goizean ekarriko dizkigu. 18€/kg-an eskuratu ahal izango duzue. 4 pusketetan ebakita eta hutsean ontziratua ekarriko digu. Aipatu arkumea ekologikoa dela (ekoizlearen ziurtagiria dugu) baina ontzietan ez duzuela zigilu ekologikorik ikusiko hiltegiak eta ontziratzeaz arduratzen diren enpresek ez dutelako zigilurik.
Bestetik, iazko moduan Zuberoako Lohitzun herrixkako Paxkoteia etxaldeko arkumea ere eskuratzeko moduan izango gara. Iaz eskaini genizuen lehen aldiz eta oso harrera ona izan zuen; horregatik, aurten ere eskuratu ahal izango duzue. Kasu honetan, erdia (2,5-3kg) ala osoa (5-6kg) eskatu daiteke eta 22€/kg-ko prezioan. Eskaerak abenduaren 17ra arte egin ditzakezue eta jasotzeko berriz, abenduaren 23ko arratsaldetik aurrera etorri ahal izango zarete. Gogoratu abenduaren 24ean goizez Denda irekita izango dugula ohiko ordutegian (10:00-13:00). Erdia 4 paketetan hutsean ontziratua eta zigilu ekologikoarekin ekarriko digu. Esan baita ere, Urte Zaharretan beste aukera bat izango duzuela Paxkoteiako arkumea eskuratzeko. Datorren astean egingo dugu deialdia.
Eskaerak egiteko ohiko bideak erabili ditzakezue: laborezain@laboreoarso.eus helbidera idatzita, telefonoz 943 47 74 01 zenbakira deituta ala Dendan bertan jakinarazita.
Eguberrietan ere zaindu etxekoen osasuna eta eskuratu bertako ekoizle txikien arkume ekologikoa!!