Aurten estreinekoz gure bazkide Imanol Esnaolaren sagarren kanpaina egingo dugu. Hernialdeko Elketa baserriko sagastietako uzta da.
Topaz barietateko sagarrak eskaintzen dizkigu oraingo honetan. Mamitsuak eta gaziak dira eta limoi ikutu sotil bat dute. 65eko kalibretik gorako sagar ederrak jasoko ditugu, heltze maila eta tamaina desberdinetakoak; etxeko kide guztien gustuetara egokitu eta kontsumo mailakatua ahalbidetzeko.
Aurten, eguraldia tarteko, orohar hiru astez aurreratu da sagar uzta eta Imanolek Topaz sagar guztia jasotzeko moduan du. Fruta eguraldi eta tenperatura aldaketekiko oso zaurgarria denez, ez dadin alferrik galdu edo ez dezaten txoriek arbolean jan, datozen bizpahiru astetan guztia biltzeko asmoa du. Beraz, Elketako sagar bikaina dastatzeko azken asteetan sartuak gaude.
Imanol sagastizain izateko trebatu da eta horretan dabil, duela ja 4 urte egin zituen landaketak. Familiak Hernialden duen Elketa baserriko lursailetan sagastia bazegoen, sagardo sagarrarena, baina zahartua eta ustiatu ezina. Sagardo sagarra baino jateko sagarra hobetsi zuen herritarroi zuzenean kontsumitzeko elikagaia eskaini nahian, berebiziko garrantzia baitu baserriko uzta bere horretan produktu izateak, eta ez lehengaia. Imanolentzat etxeko lurrak berreskuratzea garrantzitsua da. Egun bi lanbide uztartzen ditu eta Labore bere bidelagun izanik, pozik ikusten ari gara sagastizain gisa egiten ari den ibilbidea, aurreneko urratsetatik piskanaka ahalik eta modurik koherenteenean haziz. Sagarrek ez dute zigilu ekologikorik baina eman dizkien tratamendu gehienak ekologikoak dira.

Imanolek momentuz hozkailurik ez duenez, uztari irteera azkarragoa ematea interesatzen zaio, fruta ez dadin eguraldi aldaketekin alferrik galdu. Ahalegin horretan laguntzeko asmoa dugunez, 5kg-ko sagar kaxen kanpaina abian dugu, pisura erosita baino prezio erakargarriagoa du. Abuztuaren erdialdean Dendan izan genituen 4-ko kaxek zuen artean erantzun ona izan zutenez, kanpaina egingo dugu.
Gozatu dezagun garaian garaiko eta bertako fruta ezinhobe honekin eta lagundu diezaiogun irteera ematen!!
Gogoratu kanpainetan parte hartuz, zuen erosketa konpromisoaren bitartez eskaera potoloak egiteko moduan izaten garela eta beraz, ekoizleei laguntzeko modu eraginkorrena dela, ekoizpenaren zati handi baten merkaturatzea bermatzen baitiogu aldez aurretik.
Beti bezala uzta jaso bezain pronto ekarriko digu Laborera, bazkideok lurrak ematen dituen garaian garaiko kalitatezko fruitu freskoak gozatzeko aukera izan dezagun.
Kanpainan eskaera egiten ez duzuenok ere kalitate ezinhobeko elikagai hauek dastatzeko aukera izango duzue baina aurreratzen dizuegu kanpainan baino prezio garestiagoan. Interesa baduzue, eskaera egitera animatu nahi zaituztegu.
Eskaerak 5kg-ko kaxetan ekarriko dizkigu beraz, horien multiploak eskatu ahal izango dituzue.

5kg-ko SAGAR KAXA: 12,50€
ESKAERAK egiteko azken eguna: IRAILAK 12, larunbata.
JASOTZEKO: IRAILAK 15, asteartea, 18:00etatik aurrera.
Eskaera egin nahi izanez gero, bidali emaila laborezain@laboreoarso.eus helbidera edo Dendan jakinarazi.
Animatu eta egin zuen eskaerak!!


