Herritik eraikitakoa, desegitear
Oiartzungo Urmendi Haur Eskolak orain arte ezagutu duen bidea bukatutzat eman beharko du Eusko Jaurlaritzak ahoz jakinarazi ondotik Udal Haur Eskolak diruz laguntzeari utziko diola. Zati bat Haurreskolak Partzuergoan integratuko da.
Eta, orain zer? Horixe bera galdetzen dute Urmendiko irakasle, ikasle, guraso eta langileek. Azken boladan pil-pilean egon den gai bat izan da Urmendiren afera, baina zer gertatu da? Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2024an ahoz jakinarazi zuen Udal Haur Eskolak diruz laguntzeari utziko ziola, eta erabaki horrek aurrez aurre eragiten zion Urmendiri. Kinka larrian jarri zuen erabakiak 0-3 adin tarteko haurrentzako herritik sortutako eta hezkuntza eredu propioa duen haur eskola.
Jantokiarekin, aurrera
Oiartzungo ehunka haurren aterpe izan da Urmendi urte luzez, 3.500 haurren etxe, hain justu, eta euren haserrea adierazi zuten Urmendiko langileek eskolaren atarian.
“Mimo eta dedikazio handiz eraikitakoa” desegitear dago, eta triste dira herritar asko eta asko, tartean Laboreko kideok.
Urmendiko eraikinaren erdi-erdian dago sukaldea, horrek proiektuak duen garrantziaren seinale. Urmendiko langileen gisara, gu ere kezkaturik gaude sukaldeak ez dituelako soilik haurren neurrira egindako menuak eskaintzen eta, hain justu, jantokia Urmendi proiektuaren beraren “indarguneetako” bat baita. Sukaldea erdian dago haien proiektuaren parte delako. Jatorduari beti eman izan diotelako balio hezitzaile bat, eta akats pedagogiko bat da haur bakoitzak bere janaria etxetik eramatea eta ezberdintasun horiek mahaian ikustea.
Sukaldearen garrantziaz jakitun, udalak jangela zerbitzuarekin jarraitzea erabaki du. Haurreskolen Partzuergoak ez du jangela zerbitzurik, eta asmoa da sukaldariekin eta sukaldarien laguntzaileekin proiektuarekin jarraitzea. Guk ere egin ahal guztiak egingo ditugu egunerokoan etxeko txikienek platerean gertuko elikagai osasuntsuak izaten jarrai dezaten.
Oarsoaldeko Hitzan erreportaje konpletoa egin dute Urmendi herri proiektuaren inguruan, merezi du irakurtzea.
Urmendiren agur eta aitortza eguna
Urmendi herri proiektu pedagogikoaren 27 urteko ibilbidearen etenaldi honen aurrean, elkarrekin bildu eta gogoetatzeko espazio bat sortu da herri mailan: Gora Urmendi! Agur eta aitortza eguna izango da igande honetan.
Herriko eragile ezberdinetako kideei, hezkuntza esparruko langile zein partaide ezberdinei, ordezkari politiko zein sindikalei, eta oro har herritarrei dei egiten digute 10:30ean Udal Pleno Aretoan egingo den mahaingurura bertaratu gaitezten.
Mahai-inguruaren gaia honakoa izango da: Zein gako izan behar lituzke 0-3 urteko haurren garapen osasuntsua kontuan duen kudeaketa sistema batek? Eider Garde eta Mariam Bilbatua izango dira hizlariak eta Arantxa Urbek gidatuko du.
Herritar guztiei irekia izango da.
Bakoitzari dagokigun arduratik, dagokigun esparrutik, dagokigun tokitik, eman diezaiogun bide hezkuntza panorama herritar eta ilusionagarri baten ametsari.
Guztiok gara beharrezkoak!



