Zorionez, Euskal Herrian fruitu lehorrak jateko ohitura nahiko errotua daukagu. Intxaurrondoak, almendrondoak eta hurritzak izanik gure paisaian ohikoenak (iturria).
Intxaurraren kasua nabarmentzekoa da, EAEko biztanle bakoitzak 4kg intxaur jaten baititugu urtero. Gainera kontsumo hau %5 urtero igotzen ari da, tendentzia hau osasunarentzat ikaragarri onuragarria bazaigu ere, jaten ditugun intxaurren %80a inportatzen da.
Esan bezala, fruitu lehorrak ikaragarri jaki osasuntsuak dira. Eskaintzen dizkiguten gantz asegabeak, bitaminask, mineralas, fibra eta proteinak oso baliozkoak zaizkigu, eta osasunean eragin oso positiboa dute. Gainera jaki oso baliogarria da, modu askotan jan dezakeguna: askari edo hamaiketako gisa, pikatzeko, entsaladan, postrean…
Hau dela eta, egunean 1-3 eskukada jatea erabat gomendagarria da. Hori bai, beti ere gomendio hauek kontuan harturik:
- Ezin dira 5 urte arte jan
Fruitu lehorrak ez liratezke osorik jan beharko 5 urteak arte. Hori bai, xehatzen, txikitzen edo krema egiten baditugu, elikadura osagarriareki batera txertatu daitezke; 6 hilabeteetaik aintzin alegia.
- Kontuz oxalatoekin
Fruitu lehorrek azido oxalikoa dutenez, asko jateak tripako mina, beherakoa, koagulazio-arazoak eta abar eragin ditzake. Baina, batez ere, kontuz ibili behar da giltzurrunetako harriak osatzen baditugu, kaltzio oxalatoa baita giltzurruneko harrien osagai nagusia.
- …eta agian fitatoekin
Oxalatoak bezala, azido fitikoak ere egiten du kaltzioa, burdina eta zinka xurgatzea oztopatzen du.
Hori bai, azken ikerketen arabera, azido fitiko horrek antioxidatzaile gisa jardun dezake baita, eta osasunean daukan eragina onuragarria da; beraz, patologia espezifikorik ez badugu, ez diogu beldurrik izan behar konposatu honi.
- Gehienez 3 Brasilgo intxaur jan
Euskal Herrian Brasilgo intxaurrak jateko ohitura haundirik ez badugu ere, selenio ugari edukitzeagatik hipotiroidismo kasuetan egunean 2-3 jatea gomendatzen da (selenioak T3a T4 bihurtzen laguntzen du). Gomedio hori zilegi bada ere, selenio kontzentrazio altuetan toxikoa da, eta ez genuke gomendio hori gainditu beharko.
- Kakahuete eta gaztainen kasua
Kakahueteak fruitu lehor gisa jaten ditugu, nutrizionalki nahiko antzekoak baitira; baina botanikoki lekaleak dira. Eta gaztainak aldiz kontrakoa, nutrizionalki lekaleen antzekoak badira ere, fruitu lehorrak dira.
Laburbilduz, fruitu lehorrak oso elikagai gomendagarriak dira, eta oinarrizko gaixotasunik eduki ezean, egunero jatea litzateke hoberena.
Izan ere, azken urteotan ikusi da antinutrienteetan ugari jaten dituzten pertsonek, antinutriente gutxiago jaten dituztenak baino osasun hobeagoa daukatela (1).
Zihurrenik antinutriente hauek landare jatorriko jakietan daudelako.
(1) López-Moreno, M., Garcés-Rimón, M., & Miguel, M. (2022). Antinutrients: Lectins, goitrogens, phytates and oxalates, friends or foe? Journal of Functional Foods, 89, 104938.https://doi.org/10.1016/j.jff.2022.104938


